Bizkerre eta Betiko Neskak, Emakumezkoen Getxoko Nazioarteko Futbol Txapelketan

Iker Rincon Moreno 2017ko eka. 12a, 12:38

Txapelketaren artxiboko irudi bat. © GETXOKO UDALA

Datorren aste-akabuan, ekainaren 17an eta 18an, Emakumezkoen Getxoko Nazioarteko Futbol Txapelketa jokatuko da 11. aldiz, Bolue eta Fadurako zelaietan. Ohi legez, Roberto Tamayo zenaren omenez jokatuko da.

Valadares de Gaia talde portugaldarra izango da gonbidatuetako bat aurtengo futbol-txapelketarako. Beragaz batera parte hartuko dute Athleticek, Bartzelonak, Atlético de Madridek, Erandioko Betiko Neskak hamaikakoak eta etxeko taldeak: Bizkerrek. Hortaz, "goi mailako txapelketa" izango da Bizkerrek antolatutakoa, klubak iradoki duenez.

Zapatuan, ekainaren 17, txapelketaren lehenengo fasea jokatuko da 10:30etik aurrera Bolue 1 eta 2 zelaietan. Goizean, zuzeneko norgehiagokak jokatuko dira eta horietan erabakiko dira finalistak. Finalak domekan, hilaren 18an, Fadurako zelaian jokatuko dira. Hala, 5. eta 6. postuak erabakiko dituen partida 09:30ean hasiko da; 3. eta 4. postuak erabakiko dituena, 10:40an; eta final handia, 12:15ean.

Aurreko edizioetan egin izan den moduan, partida guztietarako sarrera libre eta doan izango da.

Bizkerrek badauka zenbait laguntzaile, hala nola: Getxo Kirolak, Bizkaiko Foru Aldundia eta beste erakunde pribatu batzuk.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun