Gizonezkoak atzeman zituzten pabiloi batera sartu zirenean; bertan, ertzainek aurkitu zituzten marihuana-landareen hondarrak eta ehunka lorontzi, eta substantzia hazteko prestatutako aireztapen eta elektrizitate-sistema, beti ere Sailak bidalitako oharraren arabera.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, "Erandioko eremuko patruilak aspalditxotik zebiltzan Avanzadako pabiloi bat zaintzen, bertan marihuana hazten zebiltzala susmatzen zutenez. Joan den eguen arrastian gizonezko bi iritsi ziren bertara auto batean, eta barrura sartu ziren. Ertzainak atzetik sartu ziren, eta gizonezko biak identifikatu zituzten".
Pabiloira sartzean, poliziek "egiztatu ahal izan zuten marihuana-landareak zeudela bertan, pilatuta eta lehortuta, bai eta hainbat gela ere loreontziz eta landare-hondarrez beteta eta landarea hazten laguntzeko prestatutako aire-erauzgailuen eta lanparen sistema batez hornituta. Sistema elektriko konplexua modu irregularrean zegoen konektatuta elektrizitate-hargune nagusira", Segurtasun Sailak gaineratu duenez.
Horiek balizko delituen "ebidentziak" zirelakoan, ertzainek atxilotu egin zituzten pertsona biak, eta polizia-dependentzietara eroan zituzten. Hurrengo egunean, zenbait eginbide egin ondoren, epailearen aurrera eroan zituzten.
Ertzaintzak Erandion kokatu du Avanzadako pabiloia. Halere, EITBren arabera, Leioako Artatza auzoan dago.