Deustuko Unibertsitatearena da Inspira ekimena, Innobasque agentziagaz eta Elhuyar Fundazioagaz elkarlanean. Egitasmoak foru-babesa dauka, Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak emandakoa.
Saio bakoitzean, besteak beste, honako gai hauek izango dituzte berbabide: lanari buruzko ideiak, estereotipoak, historiako emakumeak, emakumeak eta zientzia, emakumeak egun daukan irudia eta miretsi beharreko emakume famatuak.
Atzo aurkeztu zuten ekimen berri hori zenbait adituk, esperientzia pilotuko protagonistek eta arduradun publikok. Besteak beste, honakoak izan ziren aurkezpenean: Uzuri Cediel, Iurretako Maiztegi herri-eskolako ikaslea; Izaro Ganzabal, Bilboko Maristas ikastetxeko estudiantea; Izaskun Mentxaka, Intertek enpresako kide eta Inspira ekimeneko aholkularietako bat; Leire Cancio, Elhuyar Fundazioko zuzendaria; Leire Bilbao, Innobasque agentziako zuzendari nagusia; Asier Perallos, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko dekanoa; eta Teresa Laespada, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatua.
Laespada diputatuak gogorarazi zuen "milaka urteko eraikuntza sozial matxista baten emaitza" dela gaur egungo rol banaketa. Horren arabera, "kideen erdia, emakumeak, ilunpean eta espazio publikoetatik urrun" geratu da, azaldu zuen. "Hori ere gertatzen da unibertsitatean, ikerkuntzan eta ezagutzan. Herri-imajinarioan, aurrerapen zientifiko handiak gizonezkoei lotzen zaizkie. Baina emakume zientzialariak ere badaude, eta beren gizonezko kideen aintzatespen bera merezi dute. Neskek jakin behar dute zientzialari edo teknologo izatea euren eskura duten aukera ere badela", gehitu zuen: "gizarte gisa, ezin dugu talentu guzti hori alferrik galdu, hots, etorkizuneko zientzialari eta teknologoen talentua; horregatik, hain zuzen ere, lagundu eta sustatu behar dira haien bokazioak neskatilak direnetik".
Sentsibilizazioa eta orientazioa
Inspira ekimenaren helburua da nesken artean zientzia eta teknologiarako bokazioak sustatzea, sentsibilizazio- eta orientazio-ekintzen bitartez; ekintza horiek ikerkuntza, zientzia eta teknologian adituak diren emakume profesionalek eskainiko dituzte. STEAM adarreko (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritzak, Artea eta Matematikak) ikasketak Lehen Hezkuntzako ikasleen artean bultzatze aldera taldeko aholkulariak erabiliko den lehenengo aldia izango da, iazko proiektu pilotua alde batera utzita.
Egitasmoaren helburuak, besteak beste, honako hauek dira: hurbileko emakume teknologoen erreferente berriak ematea, gaztetxoek STEAM lanbideak ezagutzea, herrialdearen garapena gizon eta emakumeen artean burutzeko beharraren inguruan kontzientziatzea, teknologiako karrerari buruz sentsibilizatu nahiz orientatzea, emakume teknologoak bistaratzea eta horien garrantzia azpimarratzea, eta egun dauden estereotipoak jakinaraztea, ez dezaten ikasketen hautapena baldintzatu.
Inspira sentsibilizazio- eta orientazio-ekintzetan dago oinarriturik, ikerkuntza, zientzia eta teknologiako esparruetan adituak diren emakumeek emango dituztenak. Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta Bigarren Hezkuntzako 1. mailako ikasleen artean STEAM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritzak, Artea eta Matematikak) ikasketak bultzatzeko proiektu batean taldeko aholkularitza-teknika erabiliko den lehenengo aldia izango da.
Aurreko ikasturteko Inspiraren fase pilotua amaitu da dagoeneko, eta Bizkaian 14 aholkularik, 160 neska inguruk eta 8 ikastetxek hartu zuten parte.