Uribe Kostako Uda III. argazki-lehiaketa martxan da!

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 7a, 07:07

Iazko lehiaketan parte hartu zuen argazkietako bat. © ITSASO BASAÑEZ

Zelan bizi dugu uribekostarrok uda?
 Zure irudien bidez konta dagigun! Hirugarrenez, Uribe Kostako Uda argazki-lehiaketa antolatu du HIRUKAk. Inguruotan edo urruntxoago, uribekostarron uda zelakoa den irudikatzeko prest zaude? Bidali zure udako argazkiak Uribe Kostako Uda argazki-lehiaketara. Nora eta zelan? Aurreko ekitaldietan legez, argazkiak zuk zeuk igoko dituzu lehiaketaren atalera, uztailaren 7tik irailaren 17ra bitartean. Hiru sari potolo banatuko dira...

Hirugarrenez antolatu du HIRUKAk Uribe Kostako Uda argazki-lehiaketa, NekaturrekPlentziako Casa de Marinos hotelak eta Algortako Saigon Fusion jatetxeak lagunduta. Uribekostarrak non, Uribe Kosta han! Zelan, non, nogaz igarotzen duzu uda? Konta egiguzu argazkien bitartez! Zuretzat uda zer den adierazten duen argazkia HIRUKAri bidaltzea gura dugu: uztailaren 7tik irailaren 17ra bitartean, le­hiaketaren atalera igoz.

Inguruotan edo urruntxoago, uribekostarron uda zelakoa den irudikatu gura dugu: eskualdean udaz gozatzen duten edo munduan barrena oporretan dauden Uribe Kostako herritarren lekukotza ja­so gura dugu; baita euskaraz harremanetan ipintzeko topalekua eskaini ere. Lagun arteko giroaren, hondartzako zein mendiko osteren, he­rriko jaietako irudien, monumentuen, eraikinen, paisaien, lagunen eta abarren ar­gazkiak bidal ditzakezue. Saridunak herri-bozketaz aukeratuko dira, irail amaieran.

Parte hartzeko baldintza, betebehar eta gainerakoei dagokienez, adi  honako hauei denei:

Uribe Kostan jaio edo bizi diren 18 urtetik gorako norbanakoek parte hartu ahal izango dute lehiaketan. Uribe Kostatzat hartzen dira ondoko herri hauek: Erandio, Leioa, Getxo, Berango, Sopela, Barrika, Urduliz, Gorliz, Plentzia eta Lemoiz.

2017ko udako irudiak aurkeztuko dira; parte-hartzaile bakoitzeko 3 argazki, gehienez.
Argazkiek horizontalak izan beharko dute; kolorezkoak edo zuri-beltzezkoak; JPG edo PNG formatuetan.

Le­hiaketaren atalera bertara igo beharko dituzte fotografiak. Berton, Uribe Kostako Uda argazki-galerian ikusgai egongo dira.

Sariei dagokienez, argazki-lehiaketaren hirugarren ekitaldi honetako 3 sariak ondoko hauek dira: lehenengo saria izango da pertsona birentzako gau biko egonaldi bat NEKATUR Nekazal Turismo elkarteko ostatuetan (behe-denboraldian); bigarren saria, pertsona birentzako gau biko egonaldia eta bazkari ala afari bat Plentziako Casa de Marinos hotelean (behe-denboraldian); hirugarren saria, pertsona birentzako afari bat Algortako Saigon Fusion jatetxean.

Hiru saridunak herri-bozketaz aukeratuko dira. Hala ere, lehenengo, HIRUKAren inguruko argazkigintzan aditu talde batek galbahetuko ditu aurkeztutako argazkietatik 15 onenak; gero, horietatik 3 onenak aukeratzeko, herri-bozketa egingo da: irailaren 18tik urriaren 1era, hiruka.eus webgunean. Bozka-emaileak hiru argazki aukeratuko ditu, gogokoena lehenengoa; besteak, segidako hurrenkeran. Jasotako boto-kopuruaren hurrenkeran banatuko dira sariak. Ostean, urriaren 11n jakinaraziko dira saridunak.

 

Oinarriak:

Baldintzak eta betebeharrak:

Antolatzailea
Uribe Kostako komunikazio-taldea, HIRUKA Koop. ELK.; NEKATUR, CASA DE MARINOS eta SAIGON FUSIONek lagunduta.


Helburua
HIRUKAk topaleku digitala eskaini gura die eskualdean udaz gozatzen duten edo munduan barrena oporretan dabiltzan uribekostarrei, euren lekukotza jasotzeko eta euskaraz harremanetan egoteko.

Parte-hartzaileak
Uribe Kostan jaio edo bizi diren 18 urtetik gorako herritar denek parte har dezakete. 

*Oharra:Parte-hartzaileek ez dute izango lotura zuzenik Uribe Kostako komunikazio-taldeagaz,   HIRUKA Koop. Elkarteagaz. HIRUKA Koop. ELK-ko langile eta ahaide hurbilekoakaz, ezta zozketa egiten duten  NEKATUR, CASA DE MARINOS eta SAIGON FUSIONegaz.


Parte hartzeko
- Epea: uztailaren 7tik irailaren 17ra bitartean (biak barne).
- Bidea: www.hiruka.eus-en argazki-lehiaketaren atalera igo beharko dituzte argazkiak, eta bertako datu-eskaera bete:
    •    Egilearen izen-abizenak, adina eta herria.
    •    Harremanetarako telefonoa.
    •    Argazkia noiz eta non ateratakoa den.
    •    Argazkiaren izenburua.
   
Argazkiak
    •    2017ko udan ateratakoak.
    •    Horizontalak.
    •    Koloretan zein zuri-beltzean.
    •    Jpg edo png formatuetan. Gehieneko neurria: 5MB.
    •    Beste inon argitaratu bakoak.
   
Sariak
Irabazlearentzat:
Bi pertsonentzako gau biko egonaldi bat NEKATUR Nekazal Turismo elkarteko ostatuetan, logela edo apartamentuetan. Egonaldia asteburuan zein astean barruan izan daiteke; beti ere behe denboraldian. Hori erabiltzeko urtebeteko epea izango du sarituak.
Bigarrenarentzat:
Bi pertsonarentzako gau biko egonaldi bat eta bazkari ala afari bat Plentziako Casa de Marinos hotelean (behe-denboraldian)
Hirugarrenarentzat:
Bi pertsonarentzako afari bat Algortako Saigon Fusion jatetxean.
Ez dira emango horien ordezko beste sari batzuk.


Sari-banaketa
Lehenengo, HIRUKAren inguruko argazkigintzan aditu talde batek galbahetuko ditu aurkeztutako argazkietatik 15 onenak. Gero, herri-bozketaren bidez aukeratuko dira hiru saridunak, jasotako boto-kopuruaren hurrenkeran. Boto-emaileak hiru argazki aukeratuko ditu: gogokoena, lehenengoa; besteak, segidako hurrenkeran.


Herri-bozketa irailaren 18tik urriaren 1era bitartean egingo da, www.hiruka.eus web-orrian. Erabakia ezin izango da eztabaidatu edo gaitzetsi.


Urriaren 11n jakinaraziko da saridunak nortzuk diren, HIRUKA paperezko astekarian eta hiruka.eus agerkari digitalean. HIRUKA e-postaz edo telefonoz ipiniko da eurakaz harremanetan.


Parte-hartzaileek ondoko baldintza hauek onartuko dituzte:
2017ko Uribe Kostako Uda Lehiaketan parte hartzen duenak oinarri hauek bere osotasunean onetsiko eta onartuko ditu.
    •    Parte hartzeak esan gura du egileak aitortzen duela bidalitako lanaren eta horren edukiaren ardura eta eskumena duela. Beraz, parte-hartzaile bakoitza izango da hirugarren baten eskubideak ukatzearren gerta litezkeen erreklamazio guztien arduradun bakarra, honen barruan sartuz muga bako jabetza industrialeko edo intelektualeko lege-jabetza eta irudi-eskubideak. HIRUKA komunikazio-taldea kalte barik utziko duela hitzematen du.
    •    Hiruka Koop ELK. ez da irudien jabe izango, hala eta guztiz ere, jasotako argazkiak HIRUKAren artxiboan gordeko dira, eta lehiaketan parte hartzen duenak onartzen du HIRUKA komunikazio-taldeak bere argazkiak erabili ahal izango dituela, beti ere egilearen izena aipatuz. Erreklamaziorik izanez gero, idatziz bidali beharra egongo da helbide honetara: HIRUKA Koop. ELK., Martikoena 16, 2. solairua - 48992 Getxo, Bizkaia.
    •    Parte-hartzaileek emandako datuak zozketa bideratzeko erabiliko den HIRUKA Koop. ELK-aren fitxategi batean sartuko dira. Halaber, HIRUKA Koop. ELK-k jakinarazten du datu pertsonalak babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren eta horretarako aplika daitezkeen araudien arabera noizgura erabil dezakezula datu pertsonalak sartzeko, horiek zuzentzeko, ezeztatzeko edo horiei aurka egiteko eskubidea. Horretarako, idatzi bat bidali behar diozu, postaz, HIRUKA Koop. ELK-ri, egindako eskaera adieraziz eta NANaren kopia bategaz, helbide honetara: HIRUKA Koop. ELK – Martikoena 16, 2. Solairua – 48992 Getxo, Bizkaia. Bestela, bezeroarentzako arreta-zerbitzura deitu: 944 911 337, edo mezu elektroniko bat bidali hurrengo helbidera: hirukakoop@hiruka.eus
    •    Antolatzaileek bere gain hartzen dute argazki batzuk lehiaketatik kanpo uzteko eskubidea, uste badute giza eskubideen kontrakoak direla: bortizkeria, irainak, arrazakeria, sexismoa, ohorezko eskubidea, bakoitzaren intimitatea eta familiarena edo bestelako eskubide urraketak adierazten dituzten lanak ez dira onartuko.
    •    Beharra izanez gero, antolakuntzak beregan hartzen du oinarriak aldatzeko ahalmena eta, modu berean, ahalmena du oinarrietan ez datorren edozein gertakizun konpontzeko. HIRUKA Koop. ELK.-k bere egiten du, edozein arrazoi dela-eta, zozketa behin betiko aldatzeko, bertan behera uzteko edo eteteko eskubidea, eta ez du inolako erantzukizunik izango horregatik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun