11 lekutan Mintzatu!

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 12a, 10:48

Azkue Fundazioak "11 lekutan Mintzatu!" lehiaketa antolatu du; ekimenak hamaika astez iraungo du. Sariketan parte hartzeko, erabiltzaileek Mintzatu online aplikazioa erabili beharko dute. Horren bitartez, udan zehar, euskaraz berba egiten diren tokiei buruzko informazioaren zabalkundea egiten jarraitu gura dute.

Uda iritsi da, eta, harekin batera, herrietako jaiak eta ondo merezitako oporrak. Eta, edonon gaudela ere, euskaraz berba egiten jarraituko dugunez, "11 lekutan Mintzatu!" lehiaketa antolatu du Azkue Fundazioak; 11 aste iraungo du, uztailaren 10etik irailaren 24ra arte.

Helburuak: euskaraz berba egitea; gure hizkuntzak sarean duen presentzia areagotzea; Mintzatu aplikazioaren erabilera sustatzea; euskaraz berba egiten diren leku berri gehiago etiketatzea; eta toki horiei buruzko informazioaren zabalkundea egitea.

Hiru irabazle egongo dira, eta sari berdinak jasoko dituzte denek: sakelako telefonoagaz argazkiak eta bideoak egiteko produktu-sorta (tripodea, objektiboak, euste-pieza…).

Hauexek izango dira irabazleak:

  1. Mintzatu aplikazioan leku berri gehien sartzen dituena.
  2. Mintzatu aplikazioan bere burua leku ezberdin kopuru handienean etiketatzen duena.
  3. Mintzatu aplikazioan hamaika leku berri azkarren etiketatzen dituena.

Mundu osoko lekuak etiketatu ahalko dira. Parte-hartzaile bakoitzak erabakiko du noiz parte hartu: lehiaketak irauten duen hamaika asteetan zehar edozein unetan parte har daiteke, eta parte-hartzaile bakoitzak gura beste leku identifika ditzake Mintzatun. Ez dago mugarik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun