Uribe Kostak beste bi udalerriren babesa beharko du foru-arauak bultzatzeko

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 12a, 14:54

Gernikako batzar-etxea, gaur goizean. © BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK

Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onartu dute gaur udalek ganbera horretan foru-arauak aurkeztu ahal izateko prozedura. Horren arabera, Uribe Kostako udalek ezin izango dute beraiek bakarrik foru-araurik proposatu. Izan ere, besteak beste, honako baldintza ezarri dute Batzar Nagusiek: "gutxienez, lurralde historikoko udalen %10ak" aurkeztea ekimena. Gaur egun Bizkaiko udalerriak 112 direnez, Uribe Kostako hamar udalek beste udalerri biren babesa beharko lukete edozein ekimena aurkezteko.

Gaur Gernikako Batzar-etxean adostutako araua indarrean sartuko da BAOn argitaratu eta hurrengo egunean. Ana Otaduik aurkeztu du foru-arauaren testua, Batzar Nagusietako eta Araubide eta Jardunbiderako Batzordearen presidente gisa. Gogorarazi duenez, Batzar Nagusietako arautegiak, bere 113. artikuluan, jaso zuen 2015eako udaberrian "Bizkaiko Udalek araugintzako ekimena izan behar dutela Batzar Nagusi hauetan, eta horretara dator, hain zuzen ere, foru-arau proposamen hau". Presidenteak garrantzia eman dio testu hori garatzeko lortutako adostasunari: "eskertzekoa da ponentziako kideek egin duten beharra, eta zorionak eman dizkiet lortutako adostasunagatik. Gai garrantzitsua da hau, bada horietako bat bilakatzen duena gurea XXI mendeko legebiltzarra eta ganbera hurbila bilakatzen duena, zor garen hiritarrei erantzuten diena.

Otaduik azaldu duenez, foru-proposamenak egiteko, "ekimena lurraldeko udalen %10ek aurkeztu beharko dute" gutxienez, "eta beti ere udal guztion batura lurralde historikoaren zentsuaren %4tik gorakoa izan behar da". Bigarren baldintza horrek ez die traba gehiagorik sortzen Uribe Kostako udalei ekimen bateratu bat aurkezteko, 2015eko erroldaren arabera, Bizkaiak 1.148.775 biztanle zituelako eta horietatik 170.799 (%14,87) Uribe Kostan bizi zirelako.

Zenbait salbuespen

Edozein kasuan, Otaduik argitu duenez, udalek ezin izan dituzte zenbait gairen inguruko foru-proposamenik egin. Gaur onartutako arauaren arabera, "foru-arauaren 2. artikuluak ezarri egiten ditu araugintza ekimen honetatik kanpora geratzen diren gaiak; horrela, ezin izango da ekimenik aurkeztu baldin eta Batzar Nagusiek eskumenik ez badute gai horretan edota ezin izango da foru-erakunde propioen antolaketa, araubide eta jarduerari buruzko ekimenik aurkeztu". Modu berean, tributazio-arloko gaietan bakarrik jorratu ahal izango dituzte tokiko korporazioek jasotzen dituzten zergak eta tasak. Foru-aurrekontuak eta udal-eskumenak ez diren beste gai denen inguruan ere ezin izango dute proposamenik aurkeztu. Azkenik, Batzar Nagusiek atzera botako dituzte "Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren aurkako ekimenak edo gure ordenamendu juridikoan oinarrizko giza eskubideen gainean jasorik dauden itun eta nazioarteko akordioen aurkakoak, bai eta xedapen horietan jasoriko eskubide zibil, politiko, ekonomiko, sozial edo kulturalak urratu gura dituen beste edozein ere".

Udal-arduradunek arau-ekimena erregistratu ondoren, aukeratu beharko dituzte lau ordezkari, Batzar Nagusien aurrean iniziatiba defenda dezaten. Handik aurrera, prozedura batzar-taldeen ekimenen berbera izango da eta Mahaitik pasatuko da testua, batzar-taldeek zuzenketak aurkeztu aurretik. Foru Aldundiak on ikusia eman beharko du, argitzeko udalen ekimenak ez duela eragiten aurrekontuan. Bestalde, proposamena aurkeztu ez duten udalek ere izango dute zeresana: hilabeteko epea izango dute alegazioak aurkezteko.

Taldeen balorazioak

Talde denek nabarmendu dute gaur lortu den adostasun-maila, Batzar Nagusiak "irekitzea" eta "herritarrengandik hurbilen" dauden udalen "parte-hartzea" bermatuko dituena. Arturo Aldecoa talde mistoko kideak  eskatu du gaurko adostasuna "beste gai batzuetara zabaltzea". Jesús Isasi PPren batzarkideak espero du gaur zabaldu den atea "oso erabilia" izango dela. Asun Merino Ahal Duguko taldearen ordezkariarentzat "aurrerapauso demokratiko bat" izan da araua, "udalen ahalmena indartzen duena". PSE-EEren izenean, Begoña Gilek uste du gaurko akordioak frogatzen du Batzar Nagusiak "denbora berrietara egokitzen direla". Zigor Isuskiza EH Bilduren kideak azpimarratu du "udalen garrantzia onartu" egin dela. Bere ustean, "Aldundiak aukera bat bezala ikusi behar du, ez mehatxu moduan". Azkenik, María Presa jeltzaleak uste du gaur "egun garrantzitsua" izan dela Bizkaiarentzat, udalentzat eta hiritarrentzat.

Batzordearen irizpena

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun