Arenas eta Leioa, Espainiako Futbol Federazioaren zain

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 14a, 12:15

Leioaren zale batzuk, artxiboko irudian. © LEIOA KIROL ELKARTEA

Datorren denboraldian, Arenasek eta Leioak aurten baino kilometro dezente gutxiago bidaia dezakete, Espainiako Futbol Federazioak datorren eguenean hala erabakiz gero; izan ere, Espainiako Ligaren Bigarren B Mailako Biltzarrak euskal taldeen aldarrikapen historiko bat onartu du: bigarren multzoak bere gain hartzea Hego Euskal Herriko talde denak; gainera, talde berean egongo lirateke Kantabriakoak, Asturiasekoak, Burgosekoak eta Errioxakoak.

Joan den martitzen arrastian, Bigarren B Mailako Biltzarrak diseinatu zituen datorren denboraldirako multzoak. Banaketa horren arabera, Leioa eta Arenas Bizkaiko beste hiru talderen aurka lehiatuko lirateke: Amorebieta, Gernika eta Bilbao Athletic. Gipuzkoara bina bisita egin beharko lituzkete, Real Unión eta Reala Bren kontra jokatzeko. Araban, Gasteiz izango lukete arerio bakarra; eta Nafarroa Garaian, Izarra, Tafallako Peña Sport, Tudelano eta Osasuna B garaitu beharko lituzkete. Euskal Herritik kanpo, zazpina arerio lituzkete: Burgosen, Burgos eta Mirandés; Kantabrian, Racing de Santander; Errioxan, Unión Deportiva Logroñés; eta Asturiasen, Villaviciosako Lealtad, Miereseko Caudal eta Xixongo Sporting B.

Halere, banaketa hori ez da ofiziala izango Espainiako Futbol Federazioaren Asanbladak onartu arte; eguenean batuko da organo hori.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun