Larrasbasterra eta Ibarbengoa geltokien artean obrak egingo dituzte, urte eta erdiz

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 14a, 13:50

Metroa Ibarbengoan.

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) trenbide-plataforma berrituko du Ibarbengoa eta Larrabasterra metro-geltokien artean. Erakunde horren Kontseilu Nagusiak atzo Bilbon erabaki zuenez, 2.194.794 euro bideratuko dituzte obra horretara; lanek 17 hileko iraupena izatea espero dute. Modu berean, beste egitasmo berri batzuk onartu zituzten atzo: Sopelako kotxe-tokietarako tornu berri bat erostea; Urdulizko Udalagaz ur-saneamendua hobetzeko hitzarmena sinatzea; eta Lutxanako azpiestazioan beste estalki bat eraikitzea.

BGPk zabaldu duenez, denera 4.266.325 euro bideratuko du Uribe Kostan, "metroaren segurtasuna, fidagarritasuna eta egonkortasuna hobetzeko obrak burutzeko". Hala, proiektu nagusia izango da Ibarbengoa eta Larrabasterra geltokien artekoa, 2.194.794 euroko aurrekontuagaz. Bigarren inbertsioa izango da tornu berri bat erostea Sopelako kotxe-tokietarako: 1.149.500 euro. Horren bidez, metro-unitateetako gurpilen profila zuzendu eta optimizatu ahal izango dute bertan. Modu berean, Urdulizko ur-saneamendua hobetzeko lanetarako 579.211 euroko ekarpena egingo du BGPk. Azkenik, 342.820 euro erabiliko dute Lutxana metro-geltokiko azpiestazioko estalkia aldatzeko, hondaturik baitago.

Ibarbengoatik Larrabasterrara

Bizkaiko Garraio Partzuergoak erabaki du Larrabasterra geltokitik Ibarbengoara joateko lanei ekitea, Urduliz eta Larrabasterra metroko geltokien arteko trenbide-plataformaren tartea berritu eta Urduliz-Plentziakoa hobetu ostean. Obra berria 17 hiletan egitea espero dute. Horren barruan, honakoak aurreikusi dituzte: trenbidearen plataforma berritzea (horrek balastoa edo harria aldatzea dakar); egoera txarrean dauden trabesak eta erreia berritzea; eta oinarri-azpia murriztea, galiboa nahikoa ez denean. Halaber, bai plataformaren drainatzea, bai trenbideko ekipoen kokapena hobetuko dira. Hobekuntza horrek trenbidearen sestra jaistea eta bide-trazadura hobetzea hartuko du barne, "beti ere trenaren segurtasuna mantenduz eta bidaiarien erosotasuna areagotuz", BGPk nabarmendu duenez: "Ez da horren jarduketa garrantzitsurik egin Metro Bilbao abian jarri zenetik, 1995. urtean".

Tornu berria Sopelan

Sopelako kotxe-tokiek izango duten tornu berriak bermatuko du tren-unitateen gurpilaren profilak duen profilaketa optimizatu ahal izatea. Gaur egun dagoen tornua andeaturik dago daborduko; horren ondorioz, eragiketa denak Arizko kotxe-tokien instalazioetara desbideratu behar izan ziren. Makina berriak, software-aren bidez, unitate denek gurpilak profilatuko ditu eta bibrazioak zuzenduko ditu. Kontuak hala, garraio-partzuergoaren esanetan, "bidaien erosotasuna eta segurtasuna handituko dira, baita tren-unitateen mantentze-lanak optimizatu ere".

Lutxana

Nabarmendutako jarduketen testuinguruan, 342.820 euro erabiliko dira Lutxanako azpiestazioan beste estalki bat eraikitzeko. Azpiestazioa Eusko Trenbideen antzinako lineako eraikin batean kokatuta dago; haren teilatua narriatuta zegoen eta metroak behar bezala funtzionatzeko funtsezkoa den elementuetako bat estaltzen du.

Urduliz

Azkenik, BGPko Kontseilu Nagusiak bi lankidetza-hitzarmen onetsi ditu. Lehenengoa, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren, Urdulizko Udalaren eta Bizkaiko Garraio Partzuergoaren arteko lankidetzaren emaitza da. Horren helburua ur-saneamenduaren eta ur-horniduraren sareak hobetzea da, udalerria zeharkatzen duen metroaren zatia lurperatzeko obren ostean. BGPri dagokion finantzaketa 579.211 eurokoa da, eta lan osoaren aurrekontua 1.544.564 eurokoa da.

Onetsitako bigarren lankidetza-hitzarmena BBC txartel turistikoa Bilbao Bizkaia Card txartelean ezartzeari buruzkoa da, txartel hori atxikitako garraiobideetan erabiltzeko eta adierazitako txartel turistikoa Bizkaibusen lineetan erabil dadin; hori dena Bizkaiko Foru Aldundiagaz elkarlanean. Modu berean, BGPren eta Bilbao Ekintza erakunde publikoaren arteko harremanak arautzen dituen kontratua ezarriko da, BBC txartelari eta horren baitan dagoen BBC txartel turistikoari buruzkoa.

Bestalde, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Kontseilu Nagusiak onetsi zuen soberakinaren kontura egindako aurreko ekitaldiko bi maileguren aurretiazko amortizazioa gauzatzea, 7.857.142 eurotan eta 2.357.142 eurotan. BGPren asmo nagusietako bat ahalik eta gehien amortizatzea da, eta bi mailegu horiek zigor barik  aurretiaz ezezta daitezkeen artean interes-tasarik altuena dute. Deuseztatze horri esker, hobetu egingo da batez besteko zorraren kostua, baita dagozkien interesak ez ordaintzetik sortutako aurrezkiena ere. Bi maileguak 2012. urtean egin ziren.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun