Indarrak batu dituzte eraikuntza-klusterrak eta tokiko euskal komunikabideek

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 19a, 21:53

Alberto Marín eta Jone Guenetxea, gaur goizean. TOKIKOM

Eraikune EAEko eraikuntza-klusterra eta Tokikom akordio garrantzitsu batera heldu dira gaur goizean. Eragile biek euskarazko edukiak sortu eta ipiniko dituzte irakurleen eta erabiltzaileen eskura, eraikuntzaren gaineko komunikazioa hobetzeko. Lankidetza-hitzarmena sinatzeko ekitaldian parte hartu dute Alberto Marín Eraikuneko presidenteak eta Jone Guenetxeak, tokiko euskal komunikabideen presidenteak. HIRUKA Tokikomeko kidea da.

Hala, Tokikom Eraikuneren komunikazio-bazkide bihurtu da; euskal tokiko komunikabideen sareak informazioak, txostenak eta elkarrizketak landuko ditu, eraikuntzaren sektorearen berri emateko. Modu berean, Eraikunek eragindako albisteak jasoko ditu Tokikomek Gurean.eus digitalaren Eraikuntza atalean.

Tokikomeko presidentearen arabera, gaurko hitzarmena etorkizunean gauza daitezkeen beste akordio batzuen lehenengoa da. Hala, Tokikomek beste sektore batzuetako eragileakaz aliantzak sortu gura ditu. "Indarrak batu nahi ditugu gure helburuak lortzeko eta proiektu berriak martxan jartzeko. Tokikomen eta Gureanen filosofia da beste sektore batzuetako eragileekin sinergiak sortzea, eta irakurleen, profesionalen eta industriaren interesen arteko harremanean sakontzea", dio Guenetxeak.

Modu berean, Alberto Marín Eraikuneko presidenteak mahaigaineratu du klusterrak duen interesa komunikazio-bideak indartzeko. Gainera, Marínek azpimarratu du eraikuntzaren "askotariko sektore zabal horrek" berrikuntzaren arloan duen gaitasuna eta EAEko Barne Produktu Gordinean (BPG) duen pisua ezagutarazteko dagoen beharra.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun