Diputatua EH Bilduk eskatuta agertu zen erakundean. Koalizioak galdetu zion ea Aldundiak interesa daukan Urdulizko Ospitalearen "irisgarritasunagaz erlazionautako arazoak konpontzeko" aurkeztu diren errepide-alternatibak aztertzeko.
Pradalesek behin eta berriro adierazi zuenez, Urdulizko ospitalerako sarbideen arduradunak Urdulizko eta Sopelako Udalak dira. Gogorarazi zuenez, Foru Aldundiak udal biei laga zizkien hiri barruko zeharbideak 2004 eta 2006 artean; ordura arte ordura arte foru titulartasunekoak izan ziren. "Aldundiak eskualdearen irisgarritasuna eta udalerrietarako sarbideak bermatzen ditu eta, hortik aurrera, udalak dira konponbideak bilatzearen arduradunak", esan zuen diputatuak.
Gainera, Pradalesek azpimarratu zuenez, Aldundiak ez dauka eskumenik gai horretan, ospitalerako "beharrezkoa zen bideragarritasuna" Eusko Jaurlaritzak diseinatu zuelako, aipatutako udal biakaz koordinatuta. "Aldundiagaz zerikusirik ez daukan gaia da", berretsi zuen. Bere ustean, aurreko legealdiko Sopelako EH Bilduren udal-gobernua izan zen hiru administrazioen artean adostutako konponbidea "blokeatu" zuena.
Herritarren plataformak planteatu dituen alternatibei dagokienez, Pradalesen iritziz, udalak eurak dira baloratu behar dituenak, baina, esan zuenez, ez dute ezelango azterlan teknikoren euskarririk. Dena dela, bere berbetan, ospitaleak urtebete zabalik eroan ostean sortutako trafikoek ez dute "arazo larririk sortu" ingurunean.
EH Bilduren ustez, diputatuak “baloiak kanpora bota" zituen. Eskualde bati zerbitzua ematen dion ospitale baterako sarbideak foru-errepideen sistemaren barruan egon beharko lukete, Zigor Isuskiza batzarkideak adierazi zuenez. "Toki mailakoa izateak ez dauka ez hankarik ezta bururik ere”, esan zuen. Sopelak ibilbide ofizialaren aurka hartutako jarrera justifikatuta dago, bere esanetan, udalerri hori delako "kaltetuena", proiektuan jasotako errepideak "etxebizitza-ingurunea zeharkatzen duelako”.