Sustapen Ministerioari itsasadarreko bidegorrian esku har dezan eskatu dio Ahal Duguk

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 21a, 12:42

BI-711 errepidea, Lamiakon.

Jose David Carracedo Elkarrekin Ahal Dugu koalizioaren Bizkaiko diputatuak legez besteko proposamen bat erregistratu zuen Espainiako Kongresuan joan den uztailaren 17an; horren bidez eskatu zuen Espainiako Sustapen Ministerioak finantza dezan Ibaizabalen ondoko BI-711 errepidean bidegorri bat egiteko proiektua. Carracedo bigarren idazkaria ere bada, Espainiako Kongresuko Bide-Segurtasun eta Mugikortasun Iraunkorrerako Batzordean.

Hala, aurrera segituko du Leioa eta Erandio zeharkatuko duen Bilbotik Getxorako bidegorria egiteko proposamenak. Asier Atutxa Portuko Agintaritzako presidenteak Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldiaren ondoren, Batzar Nagusietako Ahal Dugu taldearen ustean, "argi zegoen ibaiko errepidea, orain arte Portuko Agintaritzaren jabetzakoa izan dena, udalerriei utziko ziela, bidegorria errazago egin dadin, Portuko Agintaritzaren administrazio-kontseiluak hartutako erabakiaren arabera. Baina, hori eginda ere, errepidea nork finantzatuko duen erabakitzeko dago, bai eta Erandio eta Leioa zeharkatzeko lurren lagapena egingo ote den ere", azaldu Bizkaiko Batzar Nagusietako Ahal Dugu taldeak.

Hala, Neskutz Rodríguez talde horren bozeramaileak eta Jose David Carracedo diputatuak, proposamen bat egin dute elkar hartuta, Sustapen Ministerioari eskatzeko Portuko Agintaritzagaz batera "BI-711 errepideko bidegorria eraikitzeko beharrezko tramiteak egiten has dadila, proiektuan inplikatuta dauden udalerriakaz koordinaturik", diputatuak azaldu duen legez. "Proiektuaren kezkabiderik handienetako bati ere" egin diote erreferentzia proposamen horretan: Espainiako Sustapen Ministerioari "behar den finantzaketa emateko" eskatu diote.

Rodríguezek adierazi du Ahal Dugutik apustu egiten dutela "aisialdi-eredu jasangarri eta ez merkaturatu" baten alde eta Bizkaiak, euren iritzian, "horrelako aisialdigune eta jolasgune gehiago" behar dituela. Horregatik, bidegorri-sarea kohesionatzea eta handitzea proiektu "interesgarria, beharrezkoa eta lehentasunezkoa" iruditzen zaie, batzarkideak azpimarratu duenez.

"Bizi-kalitatea eta ongizatea daude jokoan, bai eta auzokideen eskaera bati erantzuna ematea ere" nabarmendu du bozeramaileak. "Espero dugu dena ondo bideratuko dela eta bidegorri-sare oso bat izango dugula erabilgarri" adierazi du Carracedok.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun