Eusko Jaurlaritzak martxan ipinitako egitasmoak udalen babesa dauka. Bilboko Burdin Hesiak 33 euskal udalerri zeharkatzen zituen; gaur egun, ostera, 25 herritan dago horren aztarnaren bat, hala, horiek denak jagon eta balioetsiko dituzte.
Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuan aurkeztu zuten egitasmoa, Bilboko egoitzan; bertan jakinarazi zutenez, proiektua garatzeko erakundeen arteko akordio bat sinatuko dute laster Jaurlaritzak, foru aldundiek eta egokitutako udal guztiek, "lankidetza-eremu komun bat ezartzeko, Euskadiko historiaren barruan garrantzi handia duen pasarte horri loturiko osagai hau babestu, sendotu eta azaleratu ahal izateko".
Erakunde bakoitzak ardura eta zeregin jakin bat izango du, hau da: batetik, Eusko Jaurlaritzak Burdin Hesiko osagaiak babestuko ditu, Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren bitartez eta Euskal Kultur Ondareari buruzko Legean jasotako mekanismoez baliatuz. Bestetik, Burdin Hesiko osagaia sendotzeaz arduratuko dira foru aldundiak, beren eskumenen barruan. Azkenik, identifikatutako osagaien ingurunea txukun mantentzeaz arduratuko dira udalak. Bestalde, Gogora Institutuaren egitekoa izango da “Memoriaren Ibilbideak" osatzea Burdin Hesiaren inguruan; iruditeria bateratua izango duten seinaleak diseinatuko ditu, hesiaren esangura azaltzeko eta Euskadiko Memoria Demokratikoa berreskuratzen laguntzeko. Horrenbestez, defentsarako lerro-hori Euskadiko Memoria Demokratikoaren ibilbidean sartuko dute.
Proiektuak “pairatutako oinaze bidegabea” azalarazten duela nabarmendu zuen Urkulluk, eta, modu berean, “bizikidetza demokratiko bat eraiki eta defendatzeko eta bakean eta giza eskubideen defentsan oinarritutako gizarte bat eraikitzeko eginiko esfortzua” aitortzen du. Proiektuak bere alderdi pedagogikoa duela azaldu zuen, “irizpide kritikoak eta sendoak dituen gizarte” bat sortzeko asmoa duelako, "gerraren, totalitarismoaren, terrorismoaren edo indarkeria mota guztien aurrean".
Burdin Hesia
1936ko Gerran Bilbo eta bere inguruneak Francoren armadarengandik babesteko eraikitako defentsa-lerroa izan zen. Agirre buru zuen Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen 80 km luzeko babes-hesia eraikitzea; gizon, emakume eta adingabe gudari askok jardun zuten eraikitzeko beharretan.Ferra itxurako defentsa-lerroa Bilbo eta inguruko herriak, Abra badiako portua eta argi- eta ur-hornidurak babesteko asmoz egin zuten. Defentsa-lerroak 300 osagaitik gora zituen: lubakiak, alanbre-hesiak, babeslekuak edo gotorlekuak, besteak beste. Francoren armadak ekainaren 19an hartu zuen Bilbo. Aste bi lehenago bere babes-sistema apurtuta zegoen, hau da, Burdin Hesia; hesiaren ingeniari izandako Alejandro Goicoechea Omarren traizioa dela eta: lerroaren planoak armada kolpistari helarazi zizkiolako.
Horrez gainera, Bilboko Burdin Hesiaz gainera, beste babes-hesi batzuk ere eraiki zituzten, berbarako Ingeles Lerroa, Jata mendian, Lemoiz eta Maruri-Jatabe artean.