Uribe Kostako hondartzek erakarri dute bisitari gehien

Iker Rincon Moreno 2017ko abu. 2a, 13:29

Kirol-proba bat Areetako hondartzan. © GETXO KIROLAK

Bizkaiko Foru Aldundiak hondartzetako datuen berri eman ditu, zehazki udako denboraldiaren lehenengo hilabete biena. Erakundeak zabaldu duenez, bisita gehien izan duen hondartza Areeta izan da. Hara, 164.854 bisitari joan dira. Bisiten podiuma uribekostarra da: bigarren lekuan dago Ereaga (118.686 bisitari), eta Arriatera-Atxabiribil (101.489), hirugarrenean.

Lagako hondartzaren ostean (93.883 bisitari), Gorlizkoa (87.193) eta Plentziakoa (70.282) izan dira bisitatuenak. Denera, 1.177.168 bisitari izan dira Bizkaiko areatzetan, iaz baino %8,8 gutxiago.

Modu berean, 2016ko ekainagaz eta uztailagaz alderatuz, foru-teknikariek ondorioztatu dute eguraldia aurten bezain ezegonkorra izan zela iaz ere. Ekaina eta uztaila artean ia berdin banatuta egon dira 21 egun eguzkitsu, 31 egun hodeiakaz edo euriagaz eta 9 egun eguraldi aldakorragaz.

Sorospen-zerbitzua

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiko Salbamendu eta Sorospen Zerbitzuak 3.754 pertsona artatu ditu udako denboraldiko lehenengo hilabete bietan. Nagusiki zauriak osatu dira (2.057 kasu), ondoren saburdin edo intsektuen ziztadak artatu dira (598), eta 245 traumatismo itxiko kasu eta 179 intsektuen ziztada egon dira. 23 pertsona artatu dira marmoken ziztadengatik. Modu berean, Salbamendu eta Sorospen Zerbitzuak ur-korronteek eramandako 104 pertsona erreskatatu ditu.

Pertsona gehienak, 3.673, altan eman dira sorospen-postuetan egon ondoren, eta 76 osasun-zentroetara eraman dituzte. Uztailaren 12an Lagako hondartzako uretatik pertsona bat atera zuten ez zelako ondo sentitzen, eta ondoren hil egin zen.

Zerbitzu horren esku-hartzeen herena baino zertxobait gehiago, 1.363, ekainean egin ziren eta gainerako 2.391 uztailean; datu horiek bat datoz hondartzetako bisitarien etorrera-datuakaz. Hala, 1.177.168 pertsona egon dira aldi honetan Bizkaiko hondartzetan, gehienak (746.000) uztailean.

Garbiketa

Hondartzetako garbiketari dagokionez, zaborra batzeko ardura duen Foru Zerbitzuak 285.900 kilo-zabor bildu ditu denera. Horietatik 214.236 kilo edukiontzi berdeetara botatako zaborrak izan dira eta 10.660 kilo edukiontzi horietara. Gainerako 69.004 kilo-zabor mareek hondartzetan utzitako hondakinak izan dira.

Bukatzeko, hondartzainen Foru Zerbitzuak 853 gorabehera izan ditu hasierako bi hilabete hauetan; zifra hori 2016ko zifra baino baxuagoa da, aurreko urtean 999 egon baitziren aldi horretan. Modu berean, aurtengo erreklamazioak ere gutxiago izan dira aurreko urtekoekin alderatuz, 71 eta 82 hurrenez hurren.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun