Begoñako galeriak bisitatzeko ez dago hitzordua eskatzeko beharrik, abuztuan

Iker Rincon Moreno 2017ko abu. 3a, 09:30

Nork bere kabuz eta aurretik hitzordua hartu barik bisitatu ahal izango dira Begoñako galeriak hilabete honetan. Bisita gidaturik ez dute eskainiko, baina galeriak bisitarientzat zabalik egongo dira, martitzenetik domekara bitartean.

Berreskuratzen hasi direnetik, lehenengoz egongo dira bisitarientzat zabalik Begoñako galeriak hilabete honetan. Bisitak libreak izango dira, nork bere kabuz egitekoak; ibilaldi gidaturikez dute eskainiko abuztuan, horrenbestez, ez da beharrezkoa izango hitzordua hartzea. Martitzenetik domekara bitartean sartu ahal izango da, 12:00etatik 14:30era eta 18:00etatik 20:00etara. Getxoko Udaleko eta EHUko arduradunek azaldu dutenez, "formatu berri honek galerietarako bisita errazten die bai egungo ordutegi eskaintza gaizki datorkien bisitariei, bai Punta Begoña bere kabuz ezagutzea nahiago dutenei, bai plangintzarik gabeko aisia aukera malguak bilatzen duten turistei".

Ibilaldia egiteko gidarik egon ez arren, UPV/EHUko ikerketa-taldeak egiten dabiltzan lanak ezagutzeko aukera izango dute bisitariek. Izan ere, galerietan azalpen-baliabide "dinamikoak eta dibulgatzaileak" daude, lan horien emaitzak azaltzeko irudi bidez eta modu erakargarrian.

Azaldu dutenez, modu horretan "galeriak oinarrituta dauden flysch motako labarrari buruz gehiago ezagutu ahal izango da eta, batez ere, nola labarrak eta eraikuntzak elkarri eragiten dioten. Labarra benetan mugitzen al da? Galerien egonkortasunari eragiten diote bere mugimenduek? Punta Begoñako zeramikek ere izango dute leku nabaria eta haien inguruan sortzen diren zalantza ohikoenei erantzuna emango da. Nola daude apainduta? Nola ekoiztu zuten? Nondik datoz? Nola garbitzen ari dira grafitiak eta zeramikak estaltzen dituzten beste elementu batzuk? Azkenik, eraikuntzako materialek dituzten afekzioak sakon-sakonean ezagutzeko aukera izango da".

EHUren azalpena, galerien egoeraren inguruan (prentsa-oharra):

Mantentze lanen falta, ingurumeneko hainbat faktore eta ekintza bandalikoak direla eta, galeriak apaintzeko erabilitako materialetako batzuk hondatu egin dira, eta beharrezkoa da materialok lehengoratzea, galeriak birgaitzeko erabili ahal izan daitezen. Hori dela eta, zeramikazko piezak biltzeko, aukeratzeko, garbitzeko eta sailkatzeko proiektu bat diseinatu da, bi urtekoa, ondoz ondoko faseetan lanoi ekin ahal izateko.

Maiatzetik uztailera bitartean egiten ari da bilketaren lehen fasea, eta Arte Ederren Fakultateko Zaharberritzeko hirugarren mailako praktiketako 12 ikaslek esku hartzen dute. Hala, hilabeteotan, eraikineko gune jendetsuenak lantzen ari dira: areto nagusia eta iparraldeko galeria.

Aretoan, hainbat koloretako marmol zatiak atera dituzte zoruko errematetik eta tximiniaraino iristen den zokalotik. Horrez gain, kristal puska batzuk aurkitu dituzte, batzuk lauak eta besteak inprimatuak, aretoko zurezko itxiturari dagozkionak, baita zurezko zatitxo batzuk ere. Aretoko terrazatik landare ugari kendu dituzte, zorua eta olanbrillak estaltzen zituztelako eta piezei kalte egiten zietelako. Iparraldeko galerian, berriz, zeramikaz estalitako bi eserlekuen bizkarraldea osatzen duten jardinera batzuetan edo zoruan bertan aurkitutako zeramikazko piezak berreskuratu dituzte. Kalkulatzen denez, zeramiken eta marmolen % 80 inguru berrerabili ahal izango dira galeriak lehengoratzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun