Euskal presoen eta iheslarien aldeko Itsas Martxa egingo dute Plentzian zapatuan

Iker Rincon Moreno 2017ko abu. 4a, 16:20

Etxerateko kideak hondartzetako ekimenak iragartzen. © ETXERAT

Bihar, zapatuan, Itsas Martxaren laugarren edizioa egingo du Uribe Kostako Etxeratek, Plentziako Badian. Ekimena goizeko 12:30ean hasiko da, Plentziako metro-geltokian, espetxean zendutako Kepa del Hoyo galdakaoztarrari omenaldi bat eginez. Ondoren, manifestazioan abiatuko dira itsasadarrera, bertan ontziak hartu eta badiaraino joateko. Antolakuntzak gogorarazi duenez, Itsas Martxak bat egiten du "urtero legez, euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen eskubideen aldeko hondartzetako mobilizazioakaz".

Euskal preso eta iheslari politikoen senideen eta lagunen elkarteak iragarri duenez, martxarako 30 piragua bikoitz ditu eskuragai, doan. Erreserbak binaka egin daitezke honako telefonora deituta: 687740199. Dena den, argitu dute edozein ontzi-motagaz parte hartu daitekeela. Badian, Zarzaparrilla taldearen itsas kontzertua izango dute entzungai. Behin mobilizazioa bukatuta, 14:30ean herri-bazkariaz gozatuko dute Plentzia eta Gorlizko Danontzat gaztetxean. Arrastian prestatuta zituzten umeen puzgarriak eta jolasak bertan behera utzi dituzte. Izan ere, antolakuntzak deitu du Kepa del Hoyo oroitu eta egungo espetxe-politika salatzeko ezker abertzaleak antolatutako nazio-manifestaziora. 18:00etan irtengo da Galdakaoko udaletxeko plazatik.

"Etxean eta bizirik"

Euskal Herriko hondartzetako mobilizazioen bidez "dispertsio-politikaren amaiera" exijituko du Etxeratek, "euskal preso eta iheslari politikoak behingoz etxean eta bizirik nahi ditugulako". Gogorarazi dutenez, "dispertsioa, pairatzen dugun salbuespeneko politika hau, ia hiru hamarkada dituen anomalia bat da. Normaltasunez hartua izatea onartu ezin dugun anomalia bat, euskal gizarteak ezin duelako normaltasunean bizi. Ehunka familien gainean, milaka pertsonen gainean, egunez egun, dispertsioaren ondorioen zama erortzen delako: oinazea eta mina".

Etxerat elkarteko ordezkarien esanetan, "gure borondatez egiten ez ditugun bidai batzuetan gure bizitza arriskuan jartzen dugu azkenengo hiru hamarkadetan. Adinduak diren gure senideak nekatuta eta azkenean gaixoturik ikusten ditugu milaka orduko eta milaka kilometro kotxe edo autobus baten eserlekuan igarotzeagatik. Adingabekoak ikusten ditugu, urduri eta nekatuak, euren jolas edo ikasketa orduak galtzen dituzte, haurtzaroko orduak, arrazoi beragatik. Bidai amaigabeetako asteburuak ikusten ditugu bata bestearen jarraian, gure osasun fisiko eta psikikoa zein gure ekonomia nola higatzen den ikusten dugu. 16 hildako ikusten ditugu".

Gainera, Etxerat kontzientea da egoera hori ez dutela euren kideek bakarrik ikusten: "euskal gizarteak dispertsioa eta urrunketarekin behingoz bukatzea eskatzen du. Eta testuinguru horretan oso nabaria da azken urtean izandako aldaketa. Hor dugu alderdi, sindikatu eta eragile sozialakaz gaixo dauden presoak askatzeko eta euskal presoak Euskal Herritik gertu dauden espetxeetara ekartzeko lantzen ari garen Akordio Soziala. Baita euskal preso eta iheslariak etxerako bidean jartzeko lan eremuan Ireki dinamikak lortutako 80.000 sinadurak, ondoren Foro Sozialak nafar eta Gasteizko Parlamentuetan entregatu dituenak. Aipatu beharra dago baita ere Euskal Herriko instituzio desberdinetan urrunketagaz bukatzeko eta preso gaixoak askatzeko onartutako ekimen desberdinak".

Baina bitartean, azpimarratu dutenez, "euskal gizartea ez da normaltasunean bizi, dispertsio-politikaren arduradunek eskubide hori debekatu diotelako eta mendekuan oinarritzen den politika abian mantentzen dutelako". Salatu dute "uda honetan ere, presoen senide eta gertukoek ez dutela oporrik izan: espetxeetako bidaiak egitera murgilduta daude oraingoz. Horregatik, mobilizazioa ezinbestekoa da eta horregatik hain justu hondartzetan izango gara". Izan ere, "isilarazitako egoera bati ahotsa eman" gura diote.

Ekimenaren kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun