Joan den barikuan, Getxoko Ertzaintzak jasotako salaketa baten arabera, gizonezko bik adin txikiko biri lapurtu zieten, Sopelako Errekagane plazan. Salaketan adierazitakoaren arabera, lapurretako batek labana erakutsi zien gazte biei, eta zeroaten baliozko dena eman ziezaieten agindu zien. Gazteetako batek telefono mugikorra eman zienean, lapurrak eta haren lagunak lasterka ihes egin zuten bertatik.
Ertzaintzak gertatutakoaren berri izan zuenean, ikerketa abian ipini, eta ustezko lapurraren nortasuna jakin zuen. Une horretan, agenteek ustezko lapurra aurkitzeari ekin zioten. Zapatuan, arrastiko lehen orduan aurkitu zuten Leioako metro-geltokian. Ertzainek susmagarria behar bezala identifikatu eta bidezko egiaztapenak egin ostean, larderia erabilita egindako lapurreta-delituaren akusaziopean atxilotu zuten. Polizia-egoitzara eroan zuten.