Danontzat gaztetxekoek egindakoak eta eginbeharrak azaldu dituzte

Iker Rincon Moreno 2017ko abu. 14a, 12:10

Plentziako eta Gorlizko Danontzat gaztetxearen egoera tekniko-legalaren eta ixteko eskariak sortutako eztabaida dela eta, gaztetxea osatzen duten "norbanako, eragile, gazte, ume, guraso zein musika-taldeek" agerraldi publikoa egitea erabaki dute. Joan den barikuan azaldu zutenez, "urte oparo honetan Gaztetxearen berrosaketa prozesuan buru belarri" jardun dute, "sinatutako akordioa betetzeko" eta gaztetxearen "egoera tekniko-legala formalizatzeko obrak" egin dituzte. Ostera, "lan erritmoa jaitsi zen ez geneukalako baliabide ekonomikorik obrei aurre egiteko". Diotenez, "Gorlizko Udalaren diru laguntza jasotzeko hitzarmena 2017ko martxoaren 30eko Plentziako udal bilkuran Plentziako oposizioko alderdiek atzera bota zuten. Hau onartuta egongo balitz gaur egun egoera bestelakoa izango litzateke. Zirkulu zikoitz baten barruan sartuta gaude, hau da, hitzarmena onartuta egotekotan gaur egun obrak guztiz bukatuta egongo ziren".

Orain arte isilik egon badira ere, "alderdien arteko tirabiretatik kanpo mantenduz", euren iritzia agertzea eta azalpenak ematea erabaki dute Plentziako eta Gorlizko Danontzat gaztetxeko kideek. Joan den barikuan Plentziako udaletxearen aurrean egindako agerraldi publikoan adierazi zutenez, jakin badakite, "zenbait ikuskapen tekniko" pasa beharko dituztela, "gure helburua lizentzia jarduera lortzea da eta". Adierazi dutenez, OCAren oniritzia falta zaie, berriz, "horretan gaude eta irailaren amaierako prest edukitzea espero dugu", aurreratu dute.

Gaztetxearen inguruko zalantzak argitzeko eta egoera ezagutzeko bilera irekia egingo dute abuztuaren 18an, barikuan, 19:30ean, Danontzat gaztetxean bertan; "gure ateak beti zabalik egon direla gogorarazi nahi dugu eta kontu hauek alderdien gatazketatik kanpo utzi behar direla uste dugu. Oso erreza da edozein duda,  galdera, edo dena delako kexa izanez gero, guregana hurbiltzea eta esker onez eztabaidatuko dugu. Danontzat Gaztetxearen udaleko espedientean dago azaldutako dena, zeina edonoren eskura dagoen".

Danontzat gaztetxeko kideen oharra osorik:

Azkenengo urtean Udala osatzen duten oposizioko alderdiek Danontzat Gaztetxea eztabaidagai jarri izan dute behin baino gehiagotan aitzakia tekniko-legalak direla medio. Orain arte, isilik mantendu gara alderdien arteko tirabiretatik kanpo mantenduz. Urte oparo honetan Gaztetxearen berrosaketa prozesuan buru belarri aritu gara. Baina azkenengo udal bilkuran berriz ere Danontzat Gaztetxearen egoera ekarri dute plazara. Are gehiago, alderdietako batek Danontzat Gaztetxearen behin behineko itxiera eskatu du.

Hortaz, Danontzat Gaztetxearen komunitatea osatzen dugun norbanako, eragile, gazte, ume, guraso zein musika taldeei agerraldi publiko hau egiteko beste aukerarik ez zaigu gelditu. Honen aurrean zenbait kontu gogoratu nahi ditugu:

-  2013ko urtarrilaren 3an Danontzat Gaztetxea okupatu genuen.

-  2015eko urtarrilaren 20an erabilpen proiektua aurkeztu zen. Honen erantzun ofizial idatzirik ez dugu jaso!! Isiltasun administratibo honen aurrean, udaletxearen oniritzia jasotutzat jotzen dugu.

-  2015eko apirilaren 16an “Plentziako Independienteak” alderdi politikoak eskatuta erabilpen proiektuaren eranskin bat txertatu genuen, non gaztetxearen zatiketaren berri eman behar izan genuen. Egun, gaztetxearen zati hau Arkoteko beteranoek darabilte. Erabilpen proiektuaren aldaketa honek ere, ez zuen erantzunik jaso!
-  2015eko maiatzaren 18an udal bilkuran lagapen hitzarmena aho batez onartu zen.

-   2015eko  azaroaren 13an behin betiko lagapenaren hitzarmena sinatu zen.
-   Gorlizko Udalak 2016ko aurrekontuetan Danontzat Gaztetxeko obretarako diru partida bat bideratzea onartu zuen.

Bere garaian sinatutako akordioa betetzeko eta Danontzat Gaztetxearen egoera tekniko-legala formalizatzeko obrak egiteari ekin genion. Besteak beste, segurtasun ateak instalatu ziren, aforoa eta zarata neurtzeko ikuskapenak betetzeko baldintzak egokitu ziren, suteen kontrako neurriak ezarri ziren. Dirua agortuta, apurka apurka obren azken faseari ekin genion. Lanak herriko enpresek edo aditu bolondres talde batek burutu izan ditu auzolanean. Autogestio eta auzolana gure egunerokotasunaren ikur bihurtuz.

Hala ere, Gorlizko udalak hartutako konpromisoa oraindik gauzatu ezin izan denez lan erritmoa jaitsi zen ez geneukalako baliabide ekonomikorik obrei aurre egiteko. 
Momentu honetan, nahiz eta ez diguten ezer komunikatu, jakinaren gainean gaude  zenbait ikuskapen tekniko pasa beharko ditugula, gure helburua lizentzia jarduera lortzea da eta. Honetarako, OCAren oniritzia falta zaigu. Horretan gaude eta irailaren amaierako prest edukitzea espero dugu. Hau esanda hurrengoa adierazi nahi dugu:

  1. Gorlizko Udalak onartutako diru laguntza jasotzeko hitzarmena 2017ko martxoaren 30eko Plentziako udal bilkuran Plentziako oposizioko alderdiek atzera bota zuten. Hau onartuta egongo balitz gaur egun egoera bestelakoa izango litzateke. Zirkulu zikoitz baten barruan sartuta gaude, hau da, hitzarmena onartuta egotekotan gaur egun obrak guztiz bukatuta egongo ziren.
  2. Zergatik arduratzen zarete hainbeste Danontzat Gaztetxeaz? Zuen arduragabekeria estaltzeko. Hiru adibide jarriko ditugu: jakin badakigu urteetan, Goñi Portalek ez duela izan irisgarritasun ezta aforo planik. Arpillaoko parkinga edo Labastureko parkingen egoera legala ere guztiz bestelakoa izan dela. Baina zuek tematuta Gaztetxearekin.
  3. Zuetako batek legealdi honetan kultur zinegotziko kargua izan du ia bi urtez, kargua utzi zuenera arte. Tarte horretan, inoiz ez da gurekin kontaktuan jarri egoeraren berri izateko eta dudak azalarazteko. Gogoratu beharra dago Danontzat eragile kulturala dela.
  4. Bestalde, argi esan nahi dugu gu gure ekinbidearen bidez Danontzat Gaztetxea osatzen duen edozein pertsona zein talderen segurtasuna arriskuan jarriko ez luketen lehenengoak garela. Horregatik, denbora luze honetan espazioa erabiltzen jarraitu izan dugu.
  5. Gainera, Udalarekin kontaktuan zein elkarlanean egon gara urte honetan. Egoera guztiz konpontzearen premiaren beharraz ohartarazi gaituzte, baina, lehen aipatu dugun moduan, Gorlizekiko hitzarmena atzera bota izanak dena moteldu du.

Amaitzen joateko, gure ateak beti zabalik egon direla gogorarazi nahi dugu eta kontu hauek alderdien gatazketatik kanpo utzi behar direla uste dugu. Oso erreza da edozein duda,  galdera, edo dena delako kexa izanez gero, guregana hurbiltzea eta esker onez eztabaidatuko dugu. Danontzat Gaztetxearen udaleko espedientean dago azaldutako dena, zeina edonoren eskura dagoen.

Horregatik, eta erlazioak zein zalantzak beste modu batez konpondu daitezkeela erakusteko abuztuaren 18an 19:30ean Danontzat Gaztetxean bilera ireki baterako konbitea luzatzen dizuegu udala osatzen duzuen alderdi politiko guztiei zein hurbildu nahi  duten norbanakoei.

Besterik gabe, guk lanean buru belarri jarraituko dugu, egiten dugunean sinistuz, geure burua zalantzan jarriz, bestelako jendarte eredu eraiki lanean gure ondar alea jarriz. Ezina ekinez egina. Gora Euskal Herriko Gaztetxeak! Gora Danontzat Gaztetxea!!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun