Belaontzi klasikoak zein garai batekoak ikusteko aukera dago egunotan Getxon, eta itsasadarrean. Abrako Itsas Errege Kluba-Real Sporting klubak antolatzen duen Gitana kopa dute helburu; jardunaldi bitan jokatuko da, barikuan eta zapatuan, 13:00etatik aurrera. 1904 inguruan antolatu zuten lehenengoz, eta mota honetako lehiaketa zaharrenetakoa da.
Rallya
Atzo heldu ziren "museoko belaontziak" Getxora, Hendaian eta Hondarribian joan den eguenean hasitako itsasbideari amaiera emanez. Bitartean, geldiak egin dituzte hainbat euskal portutan: Pasaian (hilak 18), Donostian, Mutrikun (hilak 20), Bermeon (hilak 21). Aurtongo itsasbidea rally moduan egin dute; izan ere, Abrako Itsas Errege Kluba-Real Sporting klubaren komodoro Tomás Alonso Allende urtetan ahalegindu da belaontzi frantziarrak ekitaldira hurbilarazten, eta rallya antolatuta lortu du aurten. Euskal Kirol Portuak erakundearen zuzendari Carmen Egañak baieztatu duenez, "ideia ona" izan da, "Euskadiko itsas turismoa sustatzeko, eta euskal portuak ezagutzera emateko". Getxoko Udalaren Turismo zinegotzi Irantzu Uriarte bat dator beragaz, "ekitaldi honegaz Getxoko udalerriak ere itsas turismoaren aldeko apustua bultzatzen du, eta belaren inguruko beste hainbat ekitaldigaz bat egiten du".
Rallyan parte hartu dute EHUren "Saltillo" eskola-ontziak eta "Artako" bizkaitarrak, gehiengoa izan diren belaontzi frantziarrakaz batera: "Arren Chan Passiou", "Eloise II", "Jade", "Kanthaka", "Khayyam", "La Gaillarde", "Lasse", "Ninita", "Rouvelon", "Sacrebelu!", "Thalamus", "Tikaroa" edo "Westward of Clynder".
Jardunaldi irekiak, gaur eta bihar
Gaur, martitzen goizeko 10:00etan, itsasadarrean gora egin dute antzinako belaontziek, Bilboko Itsas Museoa helmuga dutela; berton, jardunaldi irekia antolatu dute gaur arrastirako. Horrenbestez, itsasontziok bertatik bertara ikustea eta ezagutzea aukeran egongo da,15:30etik 18:30era.
Getxon, bihar egingo dituzte jardunaldi irekiak, Areetako Itsas Errege Kluba-Real Sporting klubean, 16:00etatik 19:00etara, abuztuaren 24an.
Gitana kopa
Aurreko urteetan uztailean antolatu badute ere, aurton abuztuan jokatuko da Gitana kopa, barikuan eta zapatuan, hilaren 25ean eta 26an; 13:00etan hasiko dira jardunaldi biak. 10 itsas milia egin beharko dituzte parte hartuko duten belaontziek, baina, haizearen arabera alda daiteke. Izan ere, jakinarazi dutenez "ez da nabigaziorako jardunaldi onik espero, haizeagatik, batez ere.
Ohi den legez, Galea lurmuturra aproposa izango da norgehiagoka ondo ikusteko, antolatzaileen esanetan.
Belaontziak hainbat kategoriatan lehiatuko dira: Garaiko ontziak eta klasikoak, eta Tradizioaren izpiritua. J80 monotipoen arteko lehiaketa ere prestatu duten. Horrez gainera, hobeto jagonda dagoen belaontziak Enrique Arriola saria jasoko du; eta zaharberritze onena duenak, José Manuel Loredo saria.
Antzinako edo garaiko ontzitzat hartzen dira 1949ko abenduaren 31 baino lehenago uretaratutakoak; klasikotzat, 1950eko urtarrilaren 1etik 1975eko abenduaren 31ra itsasoratuak. Azkenik, Tradizio Izpiritua dutela deritze 1991ko abenduaren 31 baino lehenago eraikitakoei.