EH Bilduk urgentziazko adierazpena egin du gaur goizean, Katalunian Guardia Zibilak egin duen operazioaren aurrean. Argia.eus-ek zabaldu duenez, Arnaldo Otegik egoeraren larritasuna azpimarratu du, Espainiako Gobernua "Estatu-kolpe" bat ematen dabilela esanez. "Hori da aldebikotasuna", adierazi du Otegik, EAJri erreferentzia eginez, jeltzaleek maiz aldebikotasuna aipatu baitute Espainiako Estatuarekin izan beharreko harreman gisa. "Autonomien Estatua hilda dago eta beraiek akabatu dute", esan du Otegik: "Eusko Alderdi Jeltzaleak bere jarrera zuzendu behar du, bestela konplize izango da". Gertakarien aurrean mobilizazioek duten garrantzia azpimarratu du Otegik eta adierazi du EH Bilduk gaur iluntzean elkarretaratzeak egingo dituela herri denetako udaletxeen aurrean, burujabetzaren eta demokraziaren alde.
