Eguenera arte izena eman daiteke Barrika Surf Klasikan

Iker Rincon Moreno 2017ko ira. 25a, 13:42

Barrikako Surf Klasikaren artxiboko irudia. © AMARRATZ

Amarratz surf-taldeak antolatuta, datorren zapatuan egingo da Barrika Surf Klasika txapelketaren 30. edizioa, Barrikako hondartzan, irailaren 30ean. Seigarren urtez, galdutako lagunak oroituko dituzte.

Iaz legez, Tomy, Mikro, Julito eta Sabas omenduko dituzte. Ohi legez "beste arrazoi batzuk direla-eta egun berezi horretan parte hartu gura baina ezin duten horiek" ere akorduan izango dituzte. Aurtengo nobedadea Mario Gazteluk ipini du; berak egindako kartelean eta elastikoen diseinuan  "amarroztarrok Barrikara aparretan goazenean buruan daukagun lehen irudia islatu gura izan du: eskilarak, uhinak eta 'marrazo hegal hatxa'", antolatzaileek azaldu dutenez.

Azken urteotako emaitza ona ikusita, aurten ere surf-txapelketa, sari-emanaldia eta kontzertua egun bakarrean egingo dituzte, "ahalik eta jende gehien egoteko", Amarratzeko kideek azaldu dutenez.

Barrika Surf Klasikan parte hartzeko beharrezkoa da Amarratzeko bazkide izatea, gutxienez klubean urte bateko antzinakotasuna izatea eta federatuta egotea. Izan ere, iaz legez Euskal Herriko Surf Federazioak (EHSF) ez du eskaintzen egun bateko asegurua. Hala, federatu barik dabiltzan bazkideek, lehiatu gura izatekotan, federatu beharko dute. Bestela, txapelketa doakoa da. Izena emateko nahikoa da amarratz@gmail.com posta elektronikora mezu bat bidaltzea, izena eta kategoria adierazita. Epemuga eguena da, irailaren 28a.

Egun osoko txapelketa

Irailaren 30ean, zapatuan, Barrikako hondartzak hartuko du Klasika. Goizeko 08:00-08:30ean orduan hasi gura dute,  kontuan hartuta itsasgora 07:00ean itsasbehera izango dela. Hala, atal lau izango dira, denera, jarraian, eten barik. Surfari dagokionez, Open sistema bateratuan jardungo dute denek: emakumezkoek, gizonezkoek, 20 urtez azpiko gazteek edo 50 urtetik gorako aitita-amamak. Bertatik aterako dituzte kategoria bakoitzeko sailkapena. Bigarren atala "longboard" edo "olaundi" izango da. Ondoren, Bodyboard eta "Expression Session" izeneko saio berezia izango dira, azken hori honako lagunakaz: Edorta "Legend" Gironi, Jupa Soler, Kike Panera, Mikel Jauregi, Ramontxu Bilbao, Asier De Artaza eta bestelako etxeko artistakaz.

Txapelketa amaitu bezain laster, denon artean gauzak jaso eta Plentziako El Puerto jatetxera joango dira parte-hartzaileak, bertan sari-banaketa egiteko, 20:00ak aldera. Bertan, "jateko luncha aterako dugu eta azken platera legez Amarratz Rock Stars izango dugu gure bazkide batzuek osatuta", diote klubeko iturriek. Hala, kontzertua emateko honako surflari hauek izango dira: Andrés Letamendia, Alfredo Zamora, Asier de Artaza, Borja San Emeterio eta Jupa Soler. Besteak beste, "From Hell to Barrika" (Infernutik Barrikara) lana eskainiko dute.

Luncha eta kontzertua amaituta, "zozketa gozoa" egingo dute "bakarrik txapelketan parte hartu dutenentzat". Amarratzeko zuzendaritzak ohartarazi du saria jasotzeko bertan egotea beharrezkoa izango dela. Honako produktuek osatuko dute saria, besteak beste:

  • 9 oinetako "olaundia" (longboard), Jupak jardunaldi berezi honetarako eginda.
  • Goreneko 4/3 Rip Curl neoprenoa neurrira.
  • Kaian jatetxean bazkari edo afaria, 2 pertsonentzat.
  • Milagros jatetxean bazkari edo afaria, 2 pertsonentzat.
  • Light House tabernan afaria, 4 pertsonentzat.
  • Jubi Gorliz jatetxean bazkari edo afaria, 4 pertsonentzat.
  • Bibi txokoan bazkari edo afaria, 2 pertsonentzat.
  • "3Sesenta" aldikariaren urtebeteko harpidetza.

Era berean, beste zozketa batzuk izango dira. Tartean, bat berezia txapelketan parte hartu ez eta sari-banaketan egongo direnentzat.

Amarratz surf-taldeak eskerrak eman dizkie ekimena lagundu duten erakunde eta eragile denei: Barrika, Gorliz, Lemoiz eta Plentziako Udalak, Barrikako Golfo Norte eta Milagros, Gorlizko Viviendas Canadienses, Xurrut, Noho, Ohiko Ogia, Light House, Jubi jatetxea, Gauzak denda eta Arai aseguruak, Plentziako Kaian hotel-jatetxea, La Kanal, El Puerto eta Bibi txokoa, PTB Plentzia TeleBista, Sopelako Prosurf saltokia, "3Sesenta" aldizkaria, Bizkaiko Surf Federazioa eta Euskal Herriko Surf Federazioa.

Egitaraua

  • 08:00-08:30 txapelketaren hasiera, Barrikako hondartzan.
  • 20:00 Sari-banaketa, luncha eta zozketak, Plentziako El Puerto jatetxean.

Ekimenaren kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun