Aurtengo Santander Triatlon Series Uribe Kostan amaituko da domekan

Iker Rincon Moreno 2017ko urr. 13a, 13:43

Santander Triatlon Series lasterketaren artxiboko irudia. © GETXOKO UDALA

Santander Triatlon Series lehiaketaren denboraldiko azken lasterketa egingo dute domeka honetan, urriaren 15ean, Algortako Ereagako hondartzan eta Areetako Arriluzeko pasealekutik Erandiora bitarteko zirkuituan. Proba irekia da; hiru modalitate izango dira, parte-hartzaileen mailaren arabera: triatloi olinpikoa, esprinta eta super-esprinta.

Lehiaketa 08:30ean hasiko da kategoria olinpikoagaz; bertan, 1.500 metro bete beharko dituzte igeri egiten, 39 kilometro bizikletaz, eta beste hamar kilometro korrika. 10:15ean emango diote hasiera esprint kategoriari, eta bete beharreko distantziak honako hauek izango dira: 750 metro igeriz, 19,4 kilometro bizikletaz eta bost kilometro korrika. Handik gutxira, 10:45ean, ostera, irteera emango diote super-esprint kategoriari, eta horretan 350 metro igeri egiten, 9,7 kilometro bizikletaz eta 2,5 korrika egin beharko dituzte.

Maila denetan, igeriketako zirkuitua Ereagako hondartzan egingo da; txirrindularitza-proba, aldiz, Arriluze eta Erandio arteko zirkuituan; eta, azkenik, oinezko lasterketa kirol-portuko sarreraren eta Txurruka kaiaren artean.

Getxo udalerriko lehiaketagaz amaiera emango diote Santander Triatlon Series zirkuituari. Denboraldian, antzeko probak antolatu dituzte honako leku hauetan: Valentzia, Madril, Castelló, Tarragona, Mallorca, Sevilla, Gavá, Malaga eta Gijon.

Zirkulazioan aldaketak izango dira

Domekan, 07:00etatik 12:30era bitartean, ibilgailuek ezingo dute sartu Ereagako hondartzara Arriluzetik, eta bi errei jarriko dira Ereagako Jaitsiera kalean. Gainera, Zugatzarte etorbidean soilik erabili ahal izango da Algorta alderako erreia lehiaketa-zonatik atera ahal izateko, Avanzadako errepidetik barrena. Hori guztia dela eta, ordu horietan Ereagara hurbildu gura dutenei, garraio publikoa erabiltzea gomendatu diete.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun