Ziortza Isasi eta Sandra Alonso, Espainiako pista-txapeldun

Iker Rincon Moreno 2017ko urr. 16a, 11:18

Isasi eta Alonso podiumean, taldekako jazarpen-modalitatean. © RFEC

Ziortza Isasi Sopela txirrindularitza-taldeko kideak urrezko domina bat eta brontzezko bi irabazi zituen Espainiako Pista Txirrindularitza Txapelketan pasa den aste-akabuan, Mallorcan. Sandra Alonsok, ostera, urrezko eta brontzezko domina bana lortu zituen. Torreviejakoak 23 urte azpiko mailan estreinatu da aurten Bioracer-Elkar Kirolak taldeagaz. Azkenik, Maddi Amondarain Sopela-Ugeraga taldeko txirrindulariak 14. postua erdietsi zuen scratch modalitatean.

Ziortza Isasi txirrindulari elorriarrak urrezko domina irabazi zuen taldekako jazarpen-proban eta brontzezko beste garaikur bi eskuratu zituen madison- eta taldekako abiadura-probetan. Isasi Sopelako kidea izateaz gainera Euskotrak-Euskadi pista-taldean ere lehiatzen da.

Sandra Alonsok, bere aldetik, jazarpen-probako finalean nagusitu zen maila absolutuan, taldekakoan, ostera, brontzea eskuratu zuen, Valentziako selekzioaren taldean. Datorren denboraldian Alonsok ez du segituko Elkar Kirolak eskualdeko txirrindularitza-eskolaren taldeagaz, Bizkaia-Durangok eta Euskadi-Muriasek sortutako talde berrian lehiatuko baita.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun