Danontzat gaztetxea berpizteaz gainera, Gorlizko eta Plentziako gazteria suspertzeko prozesua abiarazi zuten hainbat gaztek orain dela urtebete. "Herriko giroa pizteko nahia geneukan, gazteria batzeko nahia", azaldu dute. Hasieran, "gogorra izan hori lortzea", baina, "egindako lanaren ondorioz, daborduko mugimendu bat" sortzen hasi dela iragarri dute: "oraindik ez dakigu ondo zer den, lo zegoela zirudien gazteria esnatzear dela dirudi".
Uda hasieran, gazte pare bat herrian "mugimendu iraultzaile" bat sortzeko ilusioz batzen hasi zen. Azaldu dutenez, bakoitzak buruan zituen ideiak botatzen zituen eta, horrela, herrian "oso arrakastatsua" izan zen Gazte Egunagaz prozesuari ekin zioten.
"Aurrekoa hasiera besterik ez zen izan, herrian gazte mugimendu bat hasi dela argi dago, herriko gazteria batzen hasi da eta gauzak aldatzeko gaitasuna daukagula badakigu eta hori lortzera goaz", iragarri dute. Dena den, argi daukate hori dena ez dela lau gazteren zeregina, "Gorliz eta Plentziako gazteriaren betebeharra da". "Goazen herria berpiztera, bada garaia gazteok gure herriaren etorkizunaren sortzaile izateko, gure etorkizuna guk geuk diseinatzeko", aldarrikatu dute.
Horretarako, bilera irekia egingo dute domekan, hilaren 29an, 18:00etan Danontzat gaztetxean.