Herrilanean eta zubigintzan, are Errigorago

Iker Rincon Moreno 2017ko aza. 1a, 09:33

Herrilana da Errigoraren aurtengo goiburua, eta zubigintzak jardungo dute. © ERRIGORA

Martxan da Errigoraren udagoieneko kanpaina: azaroaren 14ra arte eskatu ahal izango dira Errigoraren otzarak: Nafarroa hegoaldeko uzta, euskarari puzka ere ematen diona. Uribe Kostako hainbat lekutan egin daitezke otzaren eskaerak, baita online ere. Aste-akabu honetan, otzarak eta abarrak prestatzeko herrilana antolatu dute Ablitasen, azaroaren 2tik 4ra bitartean. Saskiak edo otzarak banatzeko epea azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartekoa izango da, eta ordaintzeko tartea abenduaren 4tik 14ra.

Orain dela bost urte zabaldutako bidezidorra bide nagusi bihurtu du Errigorak: “Euskal Herria oinarri eta elkarlana lanabes dituen ekimen herritarrak Nafarroa hegoaldea du ardatz eta “euskara ofiziala ez den zonaldean” eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren produktuei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz”. Herritarrez, nekazariz, euskaltzalez, ekoizlez eta kontsumitzailez osatutako askotariko sareak Nafarroa hegoaldeak propio dituen produktuak Euskal Herriko plazan kokatzea du helburu, “urrunekoen ordez bertokoak kontsumi ditzagun”, eta, bide batez, Nafarroa hegoaldean “euskara ofiziala ez den zonaldeko” euskalgintzari bultzada ekonomikoa ematea.

Errigoraren ibilaldia elkarlanean eta auzolanean egindakoa izan da, eta, aurton, “herrilan” bihurtu gura dute: “Herrilana ekitea da. Egitea. Eraikitzea. Herrilana zubigintza da. Zeharkakotasuna. Aniztasuna. Elkartasuna. Herrilana herria egitea da. Sarea. Lagunartea. Komunitatea. Herrilana auzolana da. Elkarlanean ikastola bat eraikitzea. Haurreskola bat. Euskaltegi bat. Errigora bera”(...). Herrilana goiburu izango du ikasturte honetan Errigorak, eta zubigintzaren urtea izango dela jakinarazi dute: “Errigorak honaino iristeko igaro behar izan dituen zubi horiez guztiez, eta aurrerantzean eraiki beharreko berriez. Zubiak eraiki ditugu kontzeptu ustez apartekoen eta bereizitako eremuetako ekintzaileen artean. Lurra eta euskara lotu ditugu. Auzolana eta elikadura-burujabetza. Nekazariak eta euskaltzaleak. Ekoizle eta kontsumitzaile arduratsuak”.

Diotenez, “ametsetatik errealitatera igarotzeko zubiak eraiki eta gurutzatu” dituzte, “eta amesteari uzten ez diogun artean, zubigintzan segituko dugu”. Horrez gainera, badakite “amets berriek zubi berriak” behar dituztela: Nafarroa hegoaldeko euskaltzaleen artean, egunen batean euskaraz bizitzeko egitasmo berriak martxan jartzeko; ekoizle, kontsumitzaile, kontsumo-talde, dendari, jantoki eta abarren artean, egunen batean merkaturatze bide berriak zabaltzeko; nekazari eta elaboratzaileen artean, egunen batean ekoizpen-eremu eta ekoizpen-eredu berriak sustatzeko.

Joan den urtean, 14.000 saski inguru banatu eta 175.000 euro bideratu zituzten Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara, Errigorak emandako datuen arabera: "Aurreko lau edizioak batuta, 600.000 euro baino gehiago bideratu dira zonaldeko euskalgintzako proiektuetara; kanpaina honetan, dagoeneko zonaldeko 25 ekoizpen enpresak parte hartzen dute".

Otzarak: beltza eta zuria

Horiek denak helburu eta egiteko izanda, kanpaina bi antolatzen dituzte: udazkeneko #EUSKARARIpuzka Zuria eta Beltza, eta, udaberriko #ESKUTIKeskura lerro Berdea (ekologikoa) eta lerro Marroia (konbentzionala). Udagoien honetan, urriaren 26an abiatu zuten otzara zuriak edo beltzak eskatzeko kanpaina.

Otzara beltza, Errigoraren hastapenetatik mantentzen den sorta da. Berrikuntzaduna, ostera, zuria. Beltzak dakartzan produktuak honako hauek dira: Orburuak, aran-marmelada, zainzuriak, pikillo piperrak, mahats-zukua, ardoa, almendrak, ozpina, oliba olioa, melokotoia almibarrean, pikillo-saltsa, potxak eta kardoa. Zurikoak ondoko beste hauek osatzen dute:Orburuak, arroza, zainzuriak, pikillo piperrak, pikillo piper-mamia, ardoa, patxaran pastak, ozpina, molineritoak, melokotoia almibarrean, tomatea olioagaz, pasta eta teilak.

Uribe Kostan, non egin eskariak:

Erandion

Gau Txori kultur elkartean.

Getxon

Ardaska dendan (Algorta).
Branka tabernan (Itzubaltzeta/Romo).
Lauaxeta AEK euskaltegian (Algorta).
San Nikolas ikastolan (Algorta).
Udal-euskaltegian (Itzubaltzeta/Romo).

Gorlizen

Jentilbaso AEK euskaltegian.

Leioan

Betiko ikastolan.
Lamia AEK euskaltegian.

Plentzian

Jentilbaso AEK euskaltegian.

Sopelan

Ander Deuna ikastolan.


Onlineko eskariak egingo dituztenek, otzarak jasotzeko aukeran izango dituzten eskualdeko lekuak:

Getxon

Lauaxeta AEK euskaltegian (Algorta).

Leioan

Betiko ikastolan.

Barne-mailakoak: (Horien erabiltzaileek bakarrik eska ditzakete lekuotan):


Mastitxu udal-euskaltegia (Leioa), Azebarri elkartea (Algorta), Getxoko Udala, Romo eskola eta Altzaga ikastolan (Erandio).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun