Bederatzigarren Arteagaz hitzordua, barikutik domekara, Areetan

Iker Rincon Moreno 2017ko aza. 2a, 10:01

Azaroaren 3tik 5era bitartean egingo da Getxoko XVI. Komiki Azoka, Areetako Geltokia plazako karpapean.

Komikia da bederatzigarren artea, eta hori ardatz duen azoka egiten da urtero Getxon. Azaroaren 3tik 5era bitartean izango da aurton, eta Areetan ipiniko duten karpa zabalik egongo da 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 21:00etara (domekan, 20:00etan itxiko dute); sarrerak 1,50 euroan daude.

Ohi den legez, salmahaiak, komiki-film laburren proiekzioak, topaketak, mahai-inguruak, sinatzeak eta aurkezpenak, eleberri grafikoen irakurleen hitzorduak eta abarrak egongo dira. Rumble Komikia eta ilustrazioa aldizkariaren 24. zenbakia aurkeztuko dute, besteak beste.

Antolatzaileek iragarri dutenez, gonbidatu nagusia Chris Claremont gidoilari ospetsua izango da, «X-Men modernoaren sortzailea». Horrez gainera, Azokak gorazarre egingo die Josep Maria Beà egile katalanari eta Harriet sortzaile gipuzkoarrari; hori dela eta, euren lan esanguratsuenak batzen dituzten erakusketa bana ipiniko dute. Azokan parte hartuko dutenen artean daude honako hauek ere: Ana Oncina, Javier Rodríguez, Ramón Boldú, Quan Zhou, Mauro Entrialgo, Sergio Córdoba, Joshemari Larrañaga, Martín Romero, Lorenzo Montatore, Mamen Moreu, Alex Giménez, Carlos Azagra, Encarna Revuelta, Susanna Martín, Víctor Santos, Mamen Moreu, Dani Fano, Iñaket, Mikel Begoña, Raquel Alzate, Oskar Blanco, Sergio Córdoba, Rober Garay, Yexus eta Kike Infame.

Ekitaldi batzuk

Azaroak 3, barikua

  • 11:30/17:15 Komiki-film laburren emanaldiak.
  • 19:00 Josep Maria Beári eta Gregorio Muro Harrieti omenaldia eta sari-banaketa.

Azaroak 4, zapatua

  • 11:15 Mahai-ingurua: «Tiragileak eta tiratzaileak. Asisko eta ZaldiEroarekin solasaldia». Moderatzailea: Iñigo Astiz. Euskaraz.
  • 17:15 Berbaldia, Iñaki G. Holgadogaz; animazio, ilustrazioa eta komikia berbabide.
  • 18:00 Topaketa, Petter Baggegaz. Moderatzailea: Borja Crespo.
  • 19:00 Topaketa, Gregorio Muro Harrietegaz.Moderatzailea: Jon Spinaro.
  • 19:45 Topaketa, Chris Claremontegaz. Moderatzailea: Koldo Azpitarte.

Azaroak 5, domeka

  • 13:00 Topaketa, Claudio Castellinigaz. Moderatzailea: Jorge Iván Argiz.
  • 18:00 Aurkezpena: Kisses / Besos / Musuak (II). Pi Ortizegaz.
  • 18:30 Mahai-ingurua: «Comics x Diversidad: Reflexiones y creaciones de jóvenes de Getxo».
  • 19:30 "Egungo Euskal Komikiaren Historia",  Iratxe Retolaza eta Jon Kortazar.

Egitarau osoa, sinatze-txandak eta gainerako informazioa: www.salondelcomicdegetxo.net/eus

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun