Iribarrek Euskal Kirolari proiektua aurkeztu du

Iker Rincon Moreno 2017ko aza. 17a, 12:13

Atzoko ekitaldia. CC-BY IREKIA - EUSKO JAURLARITZA

Jose Ángel "Txopo" Iribar Athleticeko atezain mitiko eta Sopelako auzokideak Euskal Kirolari proiektuaren berri eman du; euskara kirolaren munduan sustatzeko ekimena da.

Zenbait kirolarik, tartean Jose Ángel "Txopo" Iribarrek, Euskal Kirolari proiektua ezagutarazi zuten atzo, eguena Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuagaz batera, Euskadiko Artxibo Historikoan egindako ekitaldian.

Euskal Kirolari ekimenaren helburua da kirol-munduan euskararen erabilera sustatzea, bereziki gazteen artean. Proiektu hori batez ere garatuko da eremu digitalean eta sare sozialetan. Hala punta-puntako kirolariak erabiliko dituzte "amu" gisa, euskara indartzeko kirolaren munduan. Kirolari horiek, zenbait bideo grabatu dituzte, euskaragaz duten harremana azaltzen eta euren kirolari lotutako euskarazko terminologia argituz. Grabaketak, tonu informalean eta modu dinamikoan landuko dituzte, gerora kirol federazioetan, klubetan eta ikastegietan hedatzeko, euskararen erabilera sustatzeko erreminta berritzaile bat eskaintze aldera.

Bideoak

Proiektuaren hasierako edizioak bost bideo dakartza eta zazpi kirolarik parte hartu dute. Horietan, Mikel Landak txirrindularitzaren euskal hiztegia menderatzen duela agerian utzi du; gauza bera egin du, beste bideo batean, Julen Goia errugbilariak. Nerea Perez San Juan Koxtape arraun-elkarteko patroiak azaldu duenez, euskara hizkuntza nagusia da euren traineruan, joan den irailean Kontxan gailendu zena; Iñigo Martinez Realeko jokalariak adierazi duenez, euskara sasoi betean dago txuri-urdinen aldagelan. Ondarroako erdiko atzelaria ageri da bideoan Athleticeko Kepa Arrizabalagarekin batera, eta atezainak lehoien arteko euskararen erabilerari buruzko pasadizoren bat azaldu du bere txandan. Beste bideo batean, Aritz Aranburu surflariak eta Matxalen Ziarsolo eskubaloi jokalari ohiak euskarari buruz eta olatuekiko duten afizioaren gainean berba egin dute.

Elkarrizketa guztietako arduraduna Gaztea irratiko Egoitz Txurruka "Txurru" esatari ezaguna izan da; atzoko prentsaurrekoan proiektuaren xehetasunak eman zituen eta "youtuber" lanetan zelan sentitu den azaldu zuen. Bere alboan Nerea Perez, Mikel Landa eta Julen Goia egon ziren. Aurkezpenean, halaber, Jose Ángel Iribar egon da Athleticen izenean, baita Nekane Soria Realeko batzordekidea ere. Izaro Iraeta telebista-aurkezle eta IKOM enpresako arduradunak ere aurkezpenean parte hartu zuen. Bere enpresak garatu du proiektua.

Gazteei begira

Zupiria sailburuak azaldu zuenez, "belaunaldi gazteak dira euskara gehien erabiltzen dutenak, baina ezin da ahaztu eremu soziolinguistiko batzuetan zailtasunak dituztela". "Erakundeen betebeharra da lanean jarraitzea aukera, erraztasun eta erreminta gehiago eman ahal izateko gazteei euskaraz bizi daitezen; baita eremu informaletan ere, aisialdiaren edo kirolaren eremuetan", azaldu du.

Atzo zabaldutako proiektuaren helburua da, alde batetik, kirolaren erreferentziazko pertsonak agertzea euskaraz bizitzearen alde egin duten apustua argi utziz. Bigarren helburua da zenbait kirol-diziplinei lotutako terminologia hedatzea, gazteen artean batez ere. "Euskarazko terminologia oso hedatua duten kirolak badaude, baina euskararen hedatzea askoz ere mugatuagoa da beste diziplina batzuetan. Gazteek beren kiroletako terminologia ezagutzea da proiektuaren helburuetako bat, askotan erdara hutsean dagoen unibertso bat topatzen baitute. Euskararen normalizazioan pauso berriak eman nahi ditugu, motibazioaren, ezagutzaren eta erabileraren bidez", gaineratu zuen sailburuak.

Hori lortze aldera, proiektu horren hedapena bilatuko da klubetan, kirol-federazioetan edota ikastegietan. Horrekin batera, ekimenaren bidez beste bultzada bat eman gura zaie hiztegi terminologikoei; Elhuyarrek garatu zituen, Eusko Jaurlaritzagaz batera.

Sare sozialetan ere

Kirolari ezagunakaz grabatutako bideo horiek hiru formatutan landu dira, helburuen arabera: hasteko, "pilulak" daude, azalpen praktikoak zenbait kirol-diziplinen inguruan; bestalde, "gertutik" saioak ere egin dituzte, kirolariak hurbiletik ezagutzeko formatua; beste formatu bat "erronka" izan da, kirolariak elkarren arteko lehian ipini dituen atala; eta, azkenik, "autoan" formatua dago. Azken horretan, Txurruka kirolarien autoan sartu da, hainbat gairen gainean berba egiteko.

Aurreneko bost bideoak aurtengo azken asteotan eta 2018ko lehenengoetan zabalduko dituzte. Ondoren, proiektuak segida izango du urte osoan, baina protagonista berriakaz. Bideoak Euskal Kirolari-ren bideo-kanalean ikusi ahal izango dira, horren inguruan sortutako Facebook eta Instagram sare sozialetako kanaletan, eta ekimenaren webgunean.

Halere, HIRUKA.EUSek orain arte zabaldutako lau bideoak (© Euskal Kirolari) hona ekarri ditu:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun