Uribe Kostako talde biak taularen goiko aldean daude; erandioztarrak laugarren dira 25 puntugaz, eta Tolosa liderraren hiru puntura daude, gipuzkoarrakaz 1-1 berdindu ostean, san Lorentzon. Hiru partida baino ez dituzte galdu. Izan ere, urdinek Euskal Ligaren buru ibili ziren: seigarren jardunaldiaren ostean, urriaren 12an, partida denak irabazita zituzten. Aldiz, Adrián Martínen jokalariek ondorengo hiru norgehiagokak galdu zituzten, Oiartzun, Hernani eta Mariño taldeen kontra. Handik hona, golaren bidea berrartu zuten Betikokoek eta Goierri Gorri eta Pauldarrak gainditu zituzten, Tolosagaz berdindu aurretik. Gainera, aldeko eta kontrako goletan 6ko emaitza positiboa dute. 18 sartu dituzte eta 12k gurutzatu dituzte euren atea.
Bere aldetik, Leioako Emakumeak gorantzako bidean dabil; segidan Elorrio, Lakua, Arizmendi Leintz eta Derio irabazi dituzte leioaztarrek, joko sendoagaz. Hala, taulan ere gora egin dute hainbat postu bosgarren lekuan kokatu arte, 22 puntugaz. Aurretik beste hiru partida irabazi eta lau galdu zituzten. Erandioztarrak legez, urdin-gorriek partida bakarra berdindu dute orain arte. Klubetik onartu dutenez, "denboraldi honetan, pieza berri denak konbinatu behar izateko zailtasuna" izan dute. Bestalde, golen batezbestekoan 12ko emaitza positiboa daukate Iñaki Sarriaren futbolariek. Hala, etxean erandioztarrak irabaziz gero, taulan ere gaindituko lituzkete.
Bizkerre
Uribe Kostako derbiaren aurretik Bizkerrek bere partida jokatuko du Algortako Bolue 1 futbol-zelaian, Faduran. Arizmendi taldea izango dute aurkari. Eskoriatzako taldea taularen erdian dago, bederatzigarren postuan, 16 puntuakaz. Bizkerre Uribe Kostako talderik erregularrena izan da orain arte: zortzi partida irabazi eta bina galdu eta berdindu ditu. Hala, laugarren postuan dago, 26 puntugaz, erandioztarrak baino bat gehiago.