Inhar Ugartek Munduko Pilota Txapelketari ekingo dio domekan

Iker Rincon Moreno 2017ko aza. 17a, 19:43

Euskal espedizioa, Abadiñon egindako aurkezpenean. © ALVARO SUSO - EKFB

Inhar Ugartek Munduko Pilota Txapelketara bidaiatuko du bihar, zapatuan. Izan ere, Sopelako Kurene pilota-elkarteko jokalariak euskal selekzioagaz jokatuko du Kolonbian, etzitik, domekatik, azaroaren 26ra bitartean. Gazte getxoztarra Llarges, Nazioarteko jokoa eta Chaza modalitateetan lehiatuko da.

Esku Pilotako Konfederazio Internazionalak (CIJB) antolatutako Munduko IX. Pilota Txapelketa Kolonbiako Nariño departamentuko San Juan de Pasto hiriburuan jokatuko da. Bertan, 17 herrialdek hartu dute parte: Italia, Belgika, Holanda, Frantzia Ingalaterra, Mexiko, Venezuela, Ekuador, Bolivia, Uruguai, Txile, Argentina, Kuba, Paraguai, Valentziako Herria, Kolonbia eta Euskal Herria. Lau modalitatetan jokatuko da Nariñoko txapelketan: Llargues, Nazioarteko jokoa, Chaza eta One Wall-a. Denera, 137 pilotari izango dira, 27 emakumezko eta 110 gizonezko.

Euskal selekzioak modalitate denetan jardungo du. Horretarako, bederatzi pilotariren taldea osatu dute: emakumezko bi eta zazpi gizonezko. One Wall modalitatean izango dira Patri Espinar, Amaia Araztegi, Egoitz Amantegi eta Eñaut Esnaola. Beste hiru modalitateetan jardungo dute Inhar Ugartek, Iban Jauregik, Iñaki Esnalek, Ekhi Ziarrustak eta Pantxoa Valenciak. Entrenatzaileak Jose Mari Mitxelena eta Aitor Erauzkin federazioko zuzendari teknikoa izango dira.

Gotzon Enbil Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren presidentea eta Alvaro Suso Euskal Kirol Federazioen Batasuneko gerentea "pozik" agertu dira, "beste behin pilotariek gure ikurrina mundu zabalean era bikainean ordezkatuko duteneko esperantzan".

Llargues modalitatean, Euskal Herriak italiarren eta valentziarren aurka jokatuko du taldekako fasean. Nazioarteko jokoan, aurreneko arerioak izango dira Belgika, Ekuador eta Italia. Chazan, zail izango du euskal selekzioak, Kolonbiaren talde berean egotea tokatu zaiolako; Belgikak eta Ingalaterrak osatuko dute multzoa. Gizonezkoen bikotekako One Wallean, Euskal Herriak Venezuela, Argentina eta Belgika gainditu beharko ditu aurrera segitzeko. Modalitate berean, baina emakumezkoen bikotekako lehian, Kolonbia, Ekuador eta Mexiko ahaleginduko dira euskal jokalariak kanporatzen. Bakarka, Patri Espinarrek honako arerio hauek izango ditu: Victoria Díez, Fatima María Acosta eta Martina Garbarino. Berriz, Amaia Araztegik honako hauekaz lehiatuko da: Miranda Scheffer, Vivian Lazara Ballola eta Alessandra Puleo.

Bote luzearen antzeko jokoak

Llargues, Nazioarteko jokoa eta Chaza hiru pilota-modalitate horiek zuzenean jokatzen direnetakoak dira, tenisean egiten den moduan, adibidez. Hala, Bote luzearen egituraketa berdina dute. Talde bakoitza bost pilotariz osatuta dago eta ordezko bi egon daitezke. Zenbatzeko modua 15-30-40 eta jokoa da, eta irabazteko sei joko egin beharra dago. Modalitate bakoitzean joko eremuaren neurria eta pilota aldatzen da soilik.

Llarguesen, 39 gramoko larruzko pilota erabiltzen dute; Nazioarteko jokoan, ostera, ile gabeko tenis-pilotagaz jokatzen da; azkenik, Kolonbiako Chaza jokoan, 70 gramoko gomazko pilota da erabiltzen dena.

Horma bakarrera

One Wall ezberdina da. Pilota-joko hori ez da zuzena, alegia, hormaren kontra jokatzen da. Izenak dioenez, horma bakarra du eta frontis-en ez du txaparik. Banaka eta bikoteka joka daiteke. Partidak 21 tanto joko bitara izaten dira eta berdinketa egotekotan, hirugarren jokoa 11 tantotara izaten da. Gomazko pilota bategaz jokatzen da, hemengo frontenisean jokatzen denaren oso antzekoa.

Esku Pilotako Konfederazio Internazionala (CIJB) sortu zen 1928ko maiatzaren 13an, Bruselan. Erakunde horretan batzen dira esku-pilotan jokatzen duten herrialdeak. CIJBren helburua da pilota-joko komun bat garatzea eta hedatzea partaide diren herrialde denetan. Hala, praktikatzen diren edo praktikatuko diren pilota-jokoen ezaugarriak berberak izango dira. Modu berean, urtero nazioarteko txapelketa antolatzen du, eta federazioen arteko kontaktuak dinamizatzeko ardura dauka.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun