Azaroaren 25a Uribe Kostan

Matxismoaren kontra egiteko, herriz herri

Iker Rincon Moreno 2017ko aza. 23a, 16:49

Indarkeria matxista salatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte egunotan eskualdean. Izan ere, azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna da, eta horri begira, askotariko ekitaldiak egingo dituzte udal eta elkarte askok. Horietatik nabarmentzekoa da hilaren 25ean Urdulizen egingo duten Uribe Kostako Emakumeen IX. Topaketa. Goizeko 10:00etan hasiko dira egitarauko ekintzak Inola elkartearen egoitzan; goiz osoan, berbaldi bi egongo dira, besteak beste. Gainera, egunotan Mankomunitateko udalerrietan sortutako adarrak batu eta zuhaitz-eskultura bat osatuko dute, hil dituzten emakume denen oroigarri legez

Uribe Kostako Emakumeen Topaketa. A25

Aurten “Berdintasuna nire baitan ere hasten da” lema duen Emakundeko Gunearen barne Uribe Kostako Emakumeen IX. Topaketa antolatu du Uribe Kostako Andra Barriak Emakumeen Kontseilua Elkarteak, “Maitatua izateko eskubidea, eskubideekin maitatzea” izenburuagaz.

Topaketa hori Emakundek eta Uribe Kostako Zerbitzuen Mankomunitateak diruz babesturikoa da eta 2017ko azaroaren 25ean izango da, Inolaren Emakumeen Etxean (Urduliz), 10:00etatik aurrera. Sarrera librea da.

Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urduliz herrietan egin den indarkeria matxistaren aurka sentsibilizatzeko proiektuaren emaitza izan da Topaketa. Proiektu horretan, indarkeria matxistaren aurkako zuhaitza sortzeko kanpaina gauzatu egin da. Herri bakoitzak adar bat osatu du zuhaitz horretan jartzeko asmoz, eta topaketan bertan osatuko da ekintza sinboliko baten bitartez.

Topaketan honako hauek hartuko dute parte:

  • Buruzagien mahaia: Javier Bilbao Lopategi jauna, Urdulizko Alkatea; María Guijarro Ceballos andrea Berdintasunerako, Lankidetzarako eta Dibertsitaterako zuzendaria, BFA eta María Isabel Landa Gaubeka andrea, Uribe Kostako Mankomunitateko Lehendakaria.

Hitzaldiak:

  • María Silvestre Cabrera, Deustu Unibertsitateko Giza Eskubideen Doktoretza Programaren eta Gizarte Balioen Taldeko Koordinatzailea eta Berdintasun Arloko Arduraduna.
  • Jorge Freudenthal, Psikologoa. IRSE – Euskadiko Birgizarteratze Institutuko langilea eta Gakoa programan terapeuta (indarkeria matxistako delituengatik zigortutakoei zuzendutako programa)

Kaferako atsedenaldiaren ondoren Indarkeria matxistaren aurkako Manifestua irakurriko da, eta
Etxearen kanpoaldean adarrak zuhaitzean jarri eta eskultura egin eta inauguratuko da.

Ekitaldiak

Barrika

Azaroak 24, barikua

  • 18:00 Bideo-foruma: "Desenfocadas". Goierriko gelan.

Lemoiz

Azaroak 24, barikua

  • 19:30 "Genero indarkeria. Zer egin dezakegu?" berbaldia, Armintzako kultur etxean.

Plentzia

Azaroak 24, barikua

  • 17:00 Araldiren indarkeriaren performancea Ontziola plazan.
  • 19:30 Manifestazioa, Araldi eta Sorginen Alabak deituta, Eskabetxe-fabrikatik hasita.

Berango

Azaroak 25, zapatua

  • 19:00 "Hoy milagro" antzezlana, Berango Antzokian; sarrera 1 euroan.

Azaroak 26, domeka

  • 18:00 "Ongi etorri, lagun" antzezlana, Berango Antzokian; sarrera doan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun