Gurean, ama izateak osasun arazoak baldin badakartza ere, herrialde txiroetan, maiz, heriotza dakar. Leku askotan emakumeen bizi itxaropenak ez du berrogeita bost urteen muga gainditzen. Nutrizio arazo handiak dituzte, eta umea izan eta, ordu gutxitara, beraien komunitatera bueltatuko dira, plazenta eramango dute, eta etxe inguruko bazterren batean gordeko dute. Horrelako lekuetan, jaioberrien hilkortasun tasa, gainontzeko leku aurreratuetan baino ehuneko berrogeita hamar handiagoa da, baina inori ez dio axola; ondo bizi gara horretaz jabetzeko. Gainera, oraindik, kultura askotan jaiotakoa emakumea baldin bada, baztertu, eta, behin baino gehiagotan, hil egiten dute. Gainera, horiek dira etxeko eta kanpoko lanak egiten dituztenak, eskolara joateko aukera galtzen dutenak, beraien lurraldetan programa ofizialetatik at gelditzen direnak, eta ezer gutxi irabazten dutenak. Horiek dira Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko egunaz ezer gutxi dakitenak. Horiek dira emakumearen mundua.