“Harmaila” aldizkaria abian da, euskara eta kirola uztartzen dituen kirol egitasmoa

Baleike.eus 2017ko abe. 6a, 15:48

Harmailako sortzaile Iñaki Berastegi, Aitor Manterola eta Eñaut Barandiaran. CC-BY-SA GORKA ZABALETA

Lehen zenbakia kalean da, hainbat edukirekin, eta guztiak filosofia honekin landuak: "Patxadaz irakurtzeko aldizkaria da, kirola eta kirolaria erdigunean jartzen dituena", azaldu dute Eñaut Barandiaran, Iñaki Berastegi eta Aitor Manterola sortzaileek. Harpidedun egin behar da "Harmaila" aldizkaria irakurri ahal izateko, online edota paperean, eta harpidedunak behar dituzte, egitasmoak aurrera egin dezan.

Komunikazio proiektu berri bat kalean da euskarazko hedabideen multzoan: "Harmaila" aldizkaria. Kirola du ardatz, eta atera berri dute 1. zenbakia. Urtean bost ateratzeko asmoa dute, eta lan mardulak izango dira, 100 orrialdekoak gutxi gorabehera. 1. zenbakiak, esaterako, 100 orrialde dauzka. Hain zuzen, horixe baita "Harmaila"-ren filosofiaren oinarrietako bat: "Lasai eta patxadaz irakurtzeko lanak izango dira, kirolaren ikuspegi hori gustatzen zaigulako", azaldu du Eñaut Barandiaran gidoigile eta sortzaileetako batek.

"Kirola eta kirolaria erdigunean jarriko ditugu, mamia landuz, azalean eta lardaskerietan geratu gabe, gaur egun kirolari leku askotan ematen zaion tratamendutik erabat aldenduz", gehitu du Iñaki Berastegi kazetariak. Aitor Manterola da proiektu honen atzean dagoen hirugarren hanka, eta kazetariak kontatu da nolatan eman duten pausoa: "Euskal Herrian kirolak sekulako indarra dauka, asko dira kirolariak eta gehiago zaleak, eta horrelako proiektu baten beharrari erantzuna ematera dator 'Harmaila'".

Filosofiaren beste euskarriak lurraldetasuna eta genero berdintasuna dituzte: "Euskal Herriko lurralde guztiei egingo diegu lekua, eta saiatu gara tokia ondo banatzen 0. zenbakian eta 1. zenbakian", azaldu du Barandiaranek. 0 zenbaki uztailean atera zuten, bakarrik online bertsioan, eta abendu hasieran dator 1. zenbakia, paperean ere bai oraingoan. Nabarmena da 1. zenbaki honetan genero berdintasunaren lanketa; izan ere, emakumeen presentzia handia baita 100 orrialdeen barruan.

Euskararen erabilera sustatzeko eta bultzatzeko kirola beharrezkoa dela uste dute hirurek, eta hain justu, horixe da filosofiaren beste zutabeetako bat: "Ikerketek diote nerabeek eta gazteek euskarazko erreferentziak galtzen dituztela eskolatik kanpo, eta kirola izan daiteke euskara bizirik mantendu dezakeena adin tarte horretako pertsonetan. Harmailak emango die aukera kirola euskaraz irakurtzeko, behintzat".

"Harpidedunak behar ditugu"

0. zenbakia online irakurtzea doakoa izan bazen ere, hemendik aurrera ordaindu egin beharko da "Harmaila" eskuratzeko. "Harpidetza bidez izango da hori, eta paperezko harpidetza eginda dutenek eta egiten dutenek etxean jasoko dute aldizkaria abenduaren hasieran", kontatu du Berastegik. Urteko 40 euro ordaintzea nahikoa da etxean jasotzeko papereko urteko bost aleak, eta online bidezko harpidetzagatik 15 euro ordaindu behar dira. Harpidetza egiteko Harmaila.eus webgunean sartu behar da, Denda atalean. Salmenta ere bultzatuko dute Euskal Herriko hainbat liburu-denda eta kioskoetan, eta alea 10 eurotan egongo da salgai.

Hasieran da Harmaila proiektua, eta aurrera egiteko harpidedunak behar dituztela nabarmendu dute hiru sortzaileek: "Ezinbestekoa zaigu harpidedun multzo zabala edukitzea proiektua bideragarria izan dadin. Animatu nahi ditugu Euskal Herriko kirolzaleak Harmailan eser daitezen gurekin batera. Ez zaie damutuko".

Zabaltze prozesuan, Durangoko Azokan egongo da "Harmaila", autoekoizleen postuan, eta ilusioz gainezka daude hiru egileak: "Gauza handia da guretzat Durangon egotea, eta eskerrak eman dizkiegu Azokako arduradunei lekua egiteagatik. Leku paregabea da gure egitasmoa euskal jendarteari ezagutarazteko".

Albiste hau Baleikek argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu HIRUKAra.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun