Gaur egun, Jon Rahm mundu mailako laugarren golf-jokalaria da, eta lehen hamar postuetan sartu den historiako bosgarren golf-jokalaririk gazteena da. Aurreko egunean batu zen San Mames futbol-zelaian Europako errugbi-klub profesionalen elkarteko kideakaz (EPCR) eta Bilboko eta Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunakaz.
Topaketaren helburua Europar Txapeldunen Koparako eta Erronka Koparako futbol-zelaian egiten dabiltzan prestakuntzak in situ ikustea izan zen, errugbi-kluben Europako final handi biak jokatzeko, alegia; hitzorduak 2018ko maiatzaren 11n eta 12an izango dira, San Mamesen, eta Bilboko zaleak animatu gura izan dituzte hitzordu historiko horretara bertaratu daitezen.
Euskal Herrian dagoela baliatuta, Jon Rahm, errugbi-zaleak animatu zituen 2018ko finalak ikustera joan daitezen: "Bilbon oso kirol-zaleak gara, munduko hiriburu gastronomiko handietako bat da eta oso hiri abegikorra da; beraz, ezin duzue errugbiko aste-akabu izugarri hori galdu".
Unai Rementeriak, bere aldetik, azpimarratu zuen "Bizkairako urte hunkigarriena San Mamesen maiatzean hasiko dela". Izan ere, "munduko zelairik onenean" jokatuko dira errugbiko Europako lehiaketa handienaren finalak. "EPCR-k gu aukeratzea ohorea da. Errugbi-tradizio handirik ez duen leku batean egiten den lehen aldia da, eta horrek gutaz, Bizkaiaz, fidatzen direla esan gura du, handitan pentsatzen duen herri txikiaz fidatzen direla. Garena munduari erakutsi ahal izateak hunkitzen nau".
Bestalde, Juan Mari Aburtok gaineratu zuenez, "San Mames futbolaren katedrala da, baina Bilbon dena da posible eta maiatzaren 11 eta 12ko asteburuan, errugbiko katedrala izango da. Lanean gabiltza Bilbo errugbiaren hiriburua izan dadin aste-akabu horretan eta zaleek errugbi onenagaz goza dezaten, hiri anfitrioi onenean. Zuen zain egongo gara".
Bilbo, errugbiaren hiriburu europarra
Foru Aldundiaren arabera, finalak Bilbon jokatzeak eragin handia izango du Bilbon, Bizkaian eta Euskal Herrian, "ekonomiari, irudiari eta nazioarteko proiekzioari dagokienez"; izan ere, errugbiko kluben Europako urteko lehiaketarik garrantzitsuenak direla esan ohi da. "Bilboko hitzordua 2018an Euskadin izango dugun hitzordu garrantzitsuenetako bat izango da, herrialde guztietatik Bizkaira milaka turista eta zale iristea aurreikusi baita", azaldu dute foru-iturriek. "Besteak beste, nabarmendu behar da 2016ko maiatzean 86.000 zale izan zirela Lyonen bi final horietan (58.000 Txapeldunen Kopako finalean), eta Frantziako hiri horretan 20,4 milioi euroko eragina izan zuela; horri gehitu behar zaio finala Europa osoan emititu zela, telebistaz", iturri berberen arabera.
Sarrerak salgai
Bilbon jokatuko diren Europar Txapeldunen Kopako eta Erronka Kopako partidak zuzenean ikusi ahal izateko sarrerak daborduko salgai daude. Denera, 50.000 sarrera inguru ipini dituzte salgai partida bakoitzeko, eta EPCR klub taldearen webgunean eros daitezke.