Eskualdeko biktima biren auzi-agiriak eskatu dizkio PPk Jaurlaritzari

Iker Rincon Moreno 2017ko abe. 13a, 13:22

Carmelo Barrio legebiltzarkide popularra. © PP LEGEBILTZAR-TALDEA

Carmelo Barrio PPko legebiltzarkideak eskatu ditu Pedro Goiri Roviraren eta José María Maderal Oleagaren sumario-agiriak; biak 1979an hil zituzten. Izan ere, alderdi popularrak uste du Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak agiri horiek garbitu dituela. Horregatik, "espurgorako irizpideak" ere eskatu dizkio Bingen Zupiria sailburuari.

Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak atzo igorri zion eskaera Iñigo Urkullu lehendakariari, urtarrilaren 11 baino lehen Bingen Zupiria sailburuak erantzun dezan. Bertan jaso dute Barrioren eskaera nagusia, "espurgorako irizpideen gainean Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak egin duen dokumentua", alegia. Hilabete hasieran, Zupiriak azaldu baitzuen Sailak "agiri tekniko" bat sortu zuela, dokumentazioa garbitzeko irizpideakaz, Eusko Legebiltzarrak arlo horretan joan den ekainaren 1ean onartutako ildoei jarraiki.

Modu berean, Eusko Legebiltzarrak zazpi biktimaren auzi-dokumentazioa eskatu du, PPk proposatu legez, agiriak desagerrarazi ez direla baieztatzeko. Biktima horietako bi eskualdekoak dira: Pedro Goiri Rovira ostalari itzubaltzetarra eta José María Maderal Oleaga legionario ohi erandioztarra.

Eskualdeko biktimak

José María Maderal 1979ko martxoaren 16an hil zuten ETA Militarreko hiru partaidek, tiroka, Bilboko Bilbo Zaharra auzoko Urazurrutia kalean. Iberdueroko langilea izateaz gainera, Maderal falangista, Bizkaiko legio-zaldun ohien ermandadeko presidente eta elkarteak zuen tabernako arduraduna ere bazen. Hil zutenean, 48 urte eta bi seme-alaba zituen. Juan Andrés Maderal Oleagaren anaia txikia zen. Anaia nagusiari plaza bat ipini zion Bilboko Udalak Erandion, gaur egun Santi Brouard plaza deitzen dena, 1958ko urtarrilaren 13an, Saharako Edchera herriko borrokaldian hil zelako "heroikoki".

Pedro Goriri Rovira nork hil zuen, ostera, ez dago argi. Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren arabera, "hainbat bertsio daude gertakari honen inguruan. Iturri batzuen arabera, lapurreta saiakeraren ondorioz eragindako heriotza da eta beste batzuen arabera ETAren atentatuaren ondorioa; baina Barne Ministerioak terorismoaren biktimatzat hartzen du". Edozein kasuan, Goiri 1979ko irailaren 30ean hil zuten, behar egiten zuen Areetako La Pianola tabernan, tiroka. 23 urte eta sei hilabeteko semea zeukan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun