Lupaz begiratuko diete Erandioko eta Plentziako udalen eta Getxo Antzokiko diru-kontuei

Iker Rincon Moreno 2017ko abe. 14a, 14:00

Getxo Antzokiko obren artxiboko irudia.

Eusko Legebiltzarreko alderdiek eskatu diote Herri Kontuen Euskal Epaitegiari hainbat erakunde lehentasunez fiskalizatzea. Horien artean daude Erandioko eta Plentziako udalak eta Getxo Antzokia.

Uribe Kostari dagokionez, Alderdi Popularrak ahalik eta lasterren ezagutu gura du Getxo Antzokiko obraren kontuak. Hala, esleipen, eraikitze, obra-emate eta likidazioaren berri zehatza izan nahi du. Elkarrekin Podemosek, ostera, interesa agertu du Erandioko Udalaren diruzaintzagatik, zehazki 2011 eta 2015 urteen bitartekoagatik. Azkenik, Euzko Alderdi Jeltzaleak Plentziako hiri-bilduaren diru-kontuen txostenari lehentasuna ematea eskatu du, 2015 eta 2016 urteei dagokienez. Urte horiek lehenengoak dira EH Bilduko alkate bategaz.

Joan den azaroaren 8an, Jose Luis Bilbao Eguren Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren presidenteak gogorarazi zien alderdi politikoei fiskalizazio-beharrak egiteko lehentasunak jakinaraz zitzaketela. Izan ere, tramite hori egiten behartuta dago erakundea. Hala Bizkaiko Foru Aldundiko diputatu nagusi ohi getxoztarraren eskaera betetzeko, joan den astelehenera arteko epea eman zuen Eusko Legebiltzarreko Mahaiak. Alderdi denek azken egunean erregistratu zituzten euren lehentasunezko fiskalizazio-eskaerak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun