Urdulizko Alfredo Espinosa ospitaleak zerbitzu-zorroa areagotzen segitzen du, eta bihartik aurrera ospitalizazio-oheak prest izango ditu, Uribeko eta Mungialdeko 175.000 biztanleen osasun-beharrei erantzuteko.
Joan den maiatzean pediatriarako eta helduentzako larrialdietako zerbitzua abian ipini ondoren, arian-arian hedatzeko fase berri honetan ospitalizazio medikoko zerbitzuak jarriko dira abian. Horrek "aurrerapauso garrantzitsua ekarriko du inguruko biztanleei ematen ari zaien arreta medikoaren kalitatean eta, era berean, neurri handian arinduko du Gurutzetako unibertsitate-ospitaleko metaketa", Osasun Sailak nabarmendu duenez.
Hala, bihartik aurrera, 64 ohe bideratuko dituzte ospitalizazio medikorako, Urdulizko ospitaleko B blokearen eraikineko ospitalizazio-solairuan. Ospitalean gaur egun 263 profesionalek egiten dute behar eta martxan hasteko, ospitalizazio-zerbitzu berri horretan 33 osasun-langile gehiagok jardungo du lanean. Lan-talde horretan 75 medikuak dira, 152 erizainak, 29 teknikariak eta 40 zaindari, administrazioko eta biltegiko langileak. Geroago, profesional-kopuru hori handituz joango da datorren urtean, 2.000 ospitalizazio egitea espero baitute. Gainera, sindikatuek Jaurlaritzagaz zeukaten pultsua irabazi ostean, Osakidetzak 41 profesional kontratatu ditu ospitaleko sukaldean eta garbiketa-zerbitzua emateko.
Urdulizko Alfredo Espinosa ospitalea irekitzeko hasierako fasea 2016. urteko uztailean abian ipini zenetik zerbitzu berriak gehitu dira arian-arian. Hala, Eusko Jaurlaritzak 45 milioi euroko inbertsioa egin ostean, kanpo-kontsultak zabaltzen ekin zion ospitaleak bere jardunari. Espezialitate hauekaz hasi zen: erreumatologia, kardiologia, oftalmologia, neurologia, traumatologia, ginekologia, otorrinolaringologia eta urologia. Halaber, erradiologia-zerbitzua ere lehen fase horretan ipini zuten abian, tresneria honetaz hornitua: erresonantzia magnetiko nuklearra (EMN), erradiologia konbentzionaleko hiru aparatu, teleagintea, mamografoa, ortopantomografoa, ordenagailu bidezko tomografia axiala (OTA) eta hiru ekografo.
Ospitale berriak ere badu gaixotasunak diagnostikatzeko eta tratatzeko abangoardiako teknologia, hala nola 1,5 teslako erresonantzia magnetiko digitala, Estatu espainiar osoan instalatu den ezaugarri horietako lehen ekipamendua. Abian jarri zenetik 8.000 miaketa inguru egin ditu eta onura garrantzitsuak ekarri dizkie profesionalei zein pazienteei; izan ere bere diseinuak eta teknologia berriak eraginkortasun, sendotasun eta kalitate handiagoa ematen die miaketei, erosotasun handiagoa eskaintzen duen aldi berean.
Urte biko emaitza
Urdulizko ospitalean azken urte biotan egin dituzte 63.800 kontsulta (2016an, 18.800; eta 2017an, 45.000), 38.000 erradiologia-proba (2016an, 8.250; eta 2017an, 29.750), 14.000 proba (715 endoskopia, 1.300 ekokardiografia, 50 bronkoskopia, eta beste zenbait) eta 500 kirurgia-operazio baino gehiago. Gainera, 16.200 larrialdiri eman zaie arreta. Orain, ospitalizazio-zerbitzuari esker, areagotu egingo da ospitale horretan arreta izan dezaketen laguntza-prozesuen kopurua eta konplexutasuna.
Denera, Osakidetzak baditu 10 ospitale orokor, egonaldi ertain eta luzeko hiru ospitale, osasun mentaleko lau eta 324 anbulatorio, osasun-zentro eta kontsultategi.
Iñigo Urkullu EAEko lehendakariaren berbetan, Urdulizko ospitaleko ohe-zerbitzua ireki izanak ederki erakusten du Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sistema publikoagaz duen konpromisoa: "Euskadin osasun-zerbitzuak areagotzen eta hobetzen jarraitzen dugu. Datorren urtean Urdulizko ospitaleak bete-betean jardungo du eta, era berean, Eibarko kronikoen ospitale berria irekitzeko moduan egongo gara. Eusko Jaurlaritzak eta euskal gizarteak oro har, inongo zalantza barik, babestu eta indartu behar dugun guztion ondasuntzat hartzen dugu osasun publikoa”.