Gabonetako erosketak zentzuz egiteko aholkuak eman ditu EKAk

Iker Rincon Moreno 2017ko abe. 18a, 13:45

Ohikoan baino erosketa gehiago eta garestiagoak egiten ditugu abenduaren amaieran, Gabonak direla eta. EKA kontsumitzaile-elkarteak data horietan ere "kontsumo zentzuzkoa eta probetxugarria egiteko" zenbait gomendio partekatu ditu.

Krisiaren etorrerak jaitsiera handia eragin zuen kontsumo orokorrean, baita Gabonetako erosketetan ere, 2008an. Ostera, urte batzuk geroago, 2013an eta 2014an, apurka-apurka suspertzen hasi ziren kontsumo horiek. Tendentzia hori gaur arte mantendu da, gorantza, mantso bada ere.

Aurtengo Gabonetan, familiako batez besteko gastua 633 eurokoa izango da, espainiar Estatuan; gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan gastu hori altuagoa izan daiteke, %5 eta %10 bitartean. Horrela jaso du Deloitte kontu-ikuskaritzako eta aholkularitzako nazioarteko enpresak Gabonetako kontsumoaren gainean egin duen inkesta batean. Dena den, krisialdiak ekarri zituen zenbait arau eta joera berri Gabonetako kontsumoan. Hala, planifikazio gehiago, bat-batekotasun gutxiago eta opari praktikoagoak ohiko estrategia bilakatu ziren. Azken urteotan gastu garbia nahikotxo igo bada ere, neurri handi batean mantentzen dira praktika horiek. Dena dela, Euskal Kontsumitzaileen Alkarteak (EKA) "Gabonetako kontsumo zentzuzkoa eta probetxugarria egiteko" aholkuak gogorarazi gura ditu:

  • Erosketen zerrenda prestatzea, aurretik kontuan hartuta ea benetan behar, aprobetxatu eta ordaindu ahal ditugun. Kontu garrantzitsuak dira erosketak aurreratzea edo denboran banatzea, aurrekontu bat zehaztea eta ez gainditzen ahalegintzea.
  • Produktuak eta prezioak alderatzea, saltoki eta gune ezberdinetan.
  • Saltoki fisikoetan eskudiruz ordaintzea ahal bada; egiten gabiltzan gastuaz hobeto konturatuko gara, txartelaz eginez gero baino.
  • Online-erosketetan, aurreordainketa-txartelaz edo diru-kopuru mugatuko txartelaz ordaintzea, eta ez kontu-korronteari atxikitako txartelaz.
  • Jostailuen segurtasuna zaintzea eta bideo-jokoen edukiak eta gomendatutako adinak ere kontuan hartzea.
  • Janaria izoztea, poltsikoa lar ez berotzeko. Gabonen aurretik gehien garestitzen dena elikagaiak dira.
  • Menuak aurretiaz prestatuz, elikagaiak aste batzuk lehenago erosiz eta etxean ondo izoztuz, sano aurreztuko dugu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun