San Tomas eguneko zozketan bilduko den dirua Tosu Betirako mugimenduari emango diote Bilboko Konpartsek

Iker Rincon Moreno 2017ko abe. 20a, 16:29
San Nikolas elizaren ondoan salduko dituzte zozketarako zenbakiak. © BILBOKO KONPARTSAK

Bilboko Konpartsek San Tomas azokan parte hartuko dute. Urtero legez, jai-egitarau zabala prestatu dute egun horretarako; gainera, ohiko txerrikien eta ortuarien zozketan bildutako dirua Tosu Betirako ekimenari emango diote, "lehen sektorea defendatzeagatik".

Konpartsek berretsi egingo dute bihar, eguenean, "gure herriak txerriaren inguruan duen ohitura berreskuratu eta tokiko ekoizpena zein elikadura-eredu berri baten aldeko apustua". Ohi bezala, San Nikolas elizaren ingurua dinamizatuko dute, Areatzako eta Plaza Barriko postuek emango duten nekazaritza-eskaintza osatuz. Gainera, eguneko zozketarako zenbakia salgai izango dute bertan, Bilboko Konpartsen egutegiagaz batera.

Zozketan parte hartzeaz gainera, hormako egutegia "Aste Nagusiaren irrika lasaitzeko" baliagarri egingo dute konpartsek; ez da ahaztu behar 40. urteurrena beteko duela hurrengo edizioak. Zozketako dirua emango diote Tosu Betirako ekimenari, "Getxo udalerriko Tosu estratan ortu kolektiboa eta Lehen Sektorea defendatzen dituen erresistentzia-kanpaldiari".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun