Euskal Tenisaren Galak aintzatespena egin die Uribe Kostako tenislariei

Iker Rincon Moreno 2017ko abe. 20a, 18:09

Galaren aurretik Federazioaren zuzendaritza-taldea batu zen. © ETF

Joan den zapatuan ospatu zen Euskal Tenisaren Gala, Faduran. Bertan, saritu zituzten aurtengo tenislari hobeak eta bizitza osoan behar handia egin dutenak, tartean Uribe Kostako hainbat kirolari.

Egun osoko jardunaldian, entrenatzaileen mintegia, epaileen arteko mahai-ingurua eta Euskal Federazioaren Zuzendaritza Batzordearen bilera izan ziren, baina arreta gehiena iluntzeko galak erakarri zuen.

Ekitaldian, Igor del Busto Euskal Tenis Federazioko presidenteak urteko errepasoa egin zuen. Handik aurrera, bertaratutakoek une hunkigarri asko bizi izan zuten, batez ere, hainbat kideri egindako gorazarreetan eta omenaldietan. Sarituak izan ziren: Jorge Mir Jolasetako tenis-zuzendaria, Jorge Camiña 70 urtez gorako munduko txapeldun getxoztarra, José María "Chitín" Castellanos tenislari ospetsu getxoztarra zena, Víctor García gurpil-aulkiko tenislari eta Jolasetako kidea, Josu Ortiz de Zarate 45 urtez gorako Espainiako txapeldun eta Playas de Getxo tenis-klubeko arduraduna, Iñigo Torre eta Mikel López Espainiako binakako txapeldunak gazte-mailan eta Fadurako jokalariak, Fadurako maila-absolutuko taldea eta Jolasetako 60 urtez gorako taldea.

Aipatutakoez gainera, honako hauek omendu zituzten galan: Ane Mintegi Espainiako ume-mailako txapeldunordea, José Mari Sexmilo Iruñeako tenis-klubeko alma mater eta VNRC txapelketa-batzordeko kidea, Patxi Fadrique gurpil-aulkiko tenislaria, Mikel Fernández Ucar entrenatzaile eta jokalari beteranoa, Elías Sagarminaga 80 urtez gorako Espainiako txapeldun eta Iván Martínez ITFko zilarrezko xafla eta Espainiako nazioarteko arbitrorik onena.

Gorazarreen ostean, banatu zituzten EAEko tenis-txapelketa denen, Prince zirkuituaren eta Hego Euskal Herriko, Errioxako eta Kantabriako kluben txapelketako sariak. Bertan ere, presentzia handia izan zuten Fadura eta Jolaseta klubek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun