Hiru txapel Uribe Kostako arraun-klubentzat

Iker Rincon Moreno 2018ko urt. 25a, 14:10

Getxo Arraun Taldeko txapeldunak eta dominadunak. © GETXO ARRAUN TALDEA

Arkote, Getxo, Lutxana eta Raspas arraun-elkarteek hiru txapela eta sei domina batu zituzten, joan den domekan, banku mugikorreko Euskadiko Distantzia Luzeko Euskadiko Txapelketan. Lutxanak batu zituen metal gehien: lau domina. Klub getxoztarrek bina domina lortu zituzten eta Arkotek, bakarra.

Lutxana Arraun Elkarteak lau domina lortu zituen Ibaizabalgo uretan joan den domekan. Lutxanako emakumezkoek urrezkoa jantzi zuten 2x modalitatean, kadete-mailan; senior-mailan, berriz, zilarra eskuratu zuten. 4x modalitatean, mutilek domina bigaz bueltatu ziren etxera: kadeteen zilarrezkoagaz eta gazteen brontzezkoagaz.

Getxo Arraunek eta Raspasek, euren aldetik, urrezko eta brontzezko bina domina lortu zituzten, 4x modalitatean eta maila absolutuan, emakume eta gizonezkoetan, hurrenez hurren. Emakumezkoetan, Getxo Arraunen laukotea nagusitu zen, Ur Kirolak atzean utzita. Ostean, talde getxoztarreko bigarren ontzia izan zen hirugarrena helmugan. Gizonezkoetan, Raspas arraun-elkarteak berdintsu egin zuen, eta urrezko eta brontzezko dominak irabazi zituen finalean. Kaikuko sestaoarrak izan ziren bigarren. 6.250 metroko distantzian ontzi onenaren eskifaia osatu zuten Eric Valcarce, Adrien Francés, Miguel Lecumberri eta Marcos Morales Raspaseko arraunlariek. Brontzea lortu zutenak Kerman Altube, Julen Basabe, Iñigo Martínez de Alegría eta Alex Luengo izan ziren.

Arkoteri dagokionez, 2018ko lehen domina lortzea ospatu zuten zale horiek. Izan ere, Ane Bengoa eta Izaro Basterretxea txapeldunorde izan ziren 2x modalitatean, kadete-mailan, lutxanarren ostean sartu ondoren.

Beste txapeldun eta saridun batzuk

 Raspasen txapeldunak eta saridunak. © RASPAS ARRAUN ELKARTEA

 Ane Bengoa eta Izaro Basterretxea txapeldunordeak. © ARKOTE ARRAUN TALDEA

 Txapeldun lutxanarrak. © IÑAKI SUAREZ - LUTXANA ARRAUN ELKARTEA

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun