Bederatzi egun geratzen dira gaztetxoen aurretiko matrikula betetzeko

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 1a, 16:38

Gurago den ikastetxera joz gero, irailaren 9a izango da aurrematrikula egiteko epemuga; Internetez, aurreko eguna.

Daborduko zabalik dago Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta DBHn izena emateko kanpaina, otsailaren 9ra arte. "Handitzen, handitzen... mundua eskura izateko" da goiburua.

Hezkuntza Sailak eta ikastetxe publikoek eta kontzertatuek abiarazi dute 2018-2019 ikasturterako aurretiko matrikulazio-aldia. Gurasoek eta tutoreek otsailaren 9ra arte edukiko dute epea umeak eta nerabeak inskribatzeko; izapide-sistema bera aplikatuko da Haur Hezkuntzan (bi urtetik aurrera), Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.

Sendiek aukeran edukiko dute aurretiko matrikula gurago duten ikastetxean edo Internet bidez egitea, Hezkuntza.net webgunean. Bigarren bide hori aukeratuko dutenek ez dute beharrezko izango, honenbestez, eskatutako dokumentazioa hautatutako ikastetxera eroatea. Pauso hori on-line egin beharko dute, eta dokumentuak eskaneatuta bidali. Aurrematrikula sarean egiteko azken eguna otsailaren 8a izango da, ikastetxeetan baino egun bat lehenago.

Neska-mutilak D eredura eroan gura izanez gero, Uribe Kostako 32 ikastetxetan dago horretarako aukera. B eredua hobetsiz gero, hamaseik eskaintzen dute modelo hori. Azkenik, desagertze bidean dagoen A ereduak bederatzi eskolatan irauten du, eta X modeloak bakar batean. D ereduan, euskara da irakas-hizkuntza, ikasgai bitan izan ezik; B ereduan ikasgai batzuk ematen dira gaztelaniaz eta beste batzuk euskaraz; A eredua gaztelaniaz da gehienbat; eta X, ingelesez.

Egutegia

  • Otsailak 8: Epemuga hezkuntza.net webgunean.
  • Otsailak 9: Epemuga ikastetxeetan.
  • Otsailak 20: Eskatzaileen zerrenda argitaratuko dute.
  • Martxoak 1: Behin-behineko zerrendak argitaratuko dituzte.
  • Martxoak 14: Erreklamazioak aurkeztu eta eskabideei uko egiteko epemuga.
  • Martxoak 22: Behin betiko zerrendak argitaratuko dituzte.
  • Apirilak 11: Bigarren eta hirugarren aukeren zerrendak argitaratuko dituzte.
  • Apirilak 23: Behin betiko zerrendei gora jotzeko errekurtsoak ipintzeko epemuga.

Baremazio-puntuetan hainbat aldaketa egin ditu Jaurlaritzak

Aurtengo aurrematrikulazioan, lehen bezala baloratuko dira desgaitasunak, familia ugaria, bizilekuaren hurbiltasuna eta neba-arrebaren bat edukitzea ikastetxean. Halere, Jaurlaritzak aldaketak egin ditu baremorako ematen den puntuazioan, irizpide batzuk aldatuz eta beste berri batzuk sortuz:

  • Sendiaren errenta: irizpide horrek gehienez 1,5 puntu emango ditu, eta ez hiru, aurretik zen moduan.
  • Familia-harrera kasuetan: berria da irizpidea; puntu bat eman dezake ikaslearen familia-harrerako egoerak.
  • Kooperatibista izatea: bazkide kooperatibista izatearen abantaila jaitsi da, puntu batetik puntu erdira; Eskola Kontseiluak ipinitako beste egoera batzuen eragina ere erdira jaitsi da, puntu bitik batera.
  • Bizilekua EAEn: puntu erdi emango zaie EAEko umeei, ikastetxearen eragin-eremutik kanpo bizi badira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun