Sopela eta Mungia batuko ditu ur-hornidurarako tutu berri batek, Gatikatik igaroz

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 1a, 17:06

Leioako Kurkudi inguruko ur-biltegia. © BALZOLA ERAIKUNTZA-ENPRESA

Uribe Kostako eta Mungialdeko udalerrietako ur-edangarriaren horniketa hobetzeko, asmo handiko proiektu bati ekingo dio urtearen erdialdean Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak. Denera, 11,5 milioi euroko (BEZa barik) aurrekontua daukaten lanak abiaraziko ditu erakundeak. Obrak zati bitan egingo dituzte eta 80.000 biztanleri mesede egingo die; horien artean, Barrikako, Urdulizko, Plentziako, Gorlizko eta Lemoizko bizilagunei.

Uribe Kosta eskualdera ura ekartzen duen hodia Mungialdera doanagaz lotzeko balioko du egitasmoak. Horretarako, Sopela eta Mungia batuko ditu tutu berri batek, Gatikatik igaroz. Daborduko 2014an egin zuten Sopela eta Butroe arteko zatia; bost milioi euroko kostuagaz. Orain, zortzi kilometroko hodia ipiniz luzatuko dute orduan egindako zatia, Mungiako Zabalondo poligonora heltzeko.

Lanen lehenengo zatia bost kilometroko tutua ipintzea izango da, Butroetik Mungiarako bidean dagoen ur-biltegiagaz lotzeko. Fase hori urteko bigarren hiruhilekoan abiaraziko dute, eta zazpi milioi euro baino gehiagoko aurrekontua dauka. Obra horiek amaitzeko epeari dagokionez, urtebete eta lau hilabeteko iraupena izatea aurreikusi dute. Bestalde, proiektuaren bigarren fasea urteko hirugarren hiruhilekoan hasiko dute eta 2020 baino lehen egon beharko du amaituta. Lan horien barruan, hiru kilometroko hodia ipiniko dute Butroe eta Mungia artean dagoen ur-biltegia Zabalondoko poligonoagaz lotzeko. Egitasmoaren bigarren zati horrek 4,5 milioi euroko aurrekontua izango du.

Aspadiko arazoa konpontzen. Eskuinaldea hornitzen duen hodi nagusia Arrigorriagako Goiko Bentatik ateratzen da; zehazkiago, edateko ura tratatzeko plantatik. Artxandatik igaro ostean, Leioako Kurkudi inguruko biltegira heltzen da. Handik abiatzen da Gorlizerako tutua. Hala ere, aipatutako udalerri denek "ez daukate guztiz" ziurtatuta ur-edangarriaren horniketa, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren kudeatzailea den Pedro Barreirok aitortu duenez. Beraren berbetan, "larrialdiren bat egotekotan edo konponketa-lanen bat egin behar izatekotan, gertuko erregulazio-biltegien menpe egon ohi dira. Horiek 24 ordu baino gutxiagorako ura berma dezakete. Beraz, egun bat baino gehiago irauten duen matxura bat egotekotan, ur barik gera daitezke udalerri horietako biztanleak". Arazo hori konponduko ei dute laster abiaraziko dituzten lanakaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun