Arriskua itsasotik zetorren garaietako aztarnak

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 2a, 09:30

Gorlizko kanoia.

Bizkaiko kostaldeari beldurra edo, gutxienez, zuhurtzia zerion, Erdi Aroa amaitu eta Francoren diktaduraren lehen urteak igaro bitartean. Kanoiak paratu zituzten, itsasotik etor zitezkeen kortsarioak, ingelesak, frankistak edo yankiak gerarazteko.

Gerra Zibilean eta Frankismoan egindakoak aparte utzita, Uribe Kostak Abrari eta Kantauri itsasoari begirako hamabi gotorleku eduki zituen, antzina, hainbat kanoiz armatuta. Gotorleku haietatik erdiak hondarren bat utzi du ikusgai. Alfredo Moraza Barea historialari eta Aranzadi zientzia-elkarteko kideak dokumentatu duenez, lehenengo kanoi-bateriak Algortan ipini zituzten, Usategin eta Arriluzen, biak 1639an. Hogeita Hamar Urteko Gerran gertatu zen hori, Frantzia gatazkan sartu zenean, Ingalaterraren alde eta Espainiaren aurka. Gatazka berean eraiki zituzten Plentziako Arrikuerretxoko gotorlekua eta Sopelako Meñakozkoa.

Espainiako Ondorengotza Gerrak (1700-1714) ekarri zuen Armintzako fortea eraikitzea eta Arriluzekoa zaharberritzea, baita gerora amaitu ziren Astondokoa, Muriolakoa eta Arriaterakoa hastea ere. Defentsa berriek ahalegin ekonomiko handia ekarri zutenez, Aldundiak gonbidatu zituen herri horietako auzotarrak «boluntarioki» lan egin zezaten forte horien eraikuntzan. Trukean, egunero mokadu txiki bat jasotzen zuten. Hurrengo eraikitze-uholdea Austriako Ondorengotza Gerragaz heldu zen. 1740tik 1748ra, itsas armada ingelesaren arriskua bizi zen. Hala, Jaime Sycre ingeniari militarrari eskatu zioten Galeako gotorlekua eta Galeako lurmuturreko fortea diseinatu eta eraikitzea. Lana 1742an edo 1743an amaitu zuen.

Kostaldeko defentsak eraikitzea eta defendatzea Bizkaiko Foru Aldundiaren eskuduntza zen. Hala, forteetako zaindariak ere Jaurerriak izendatzen zituen, eta udalek artilleria-piezak mantendu behar zituzten. Neurri horren eraginkortasuna eskasa suertatu zen eta kresalak, denborak eta erabilpen okerrek egoera kaskarrean utzi zituzten kanoiak eta gotorlekuak. Hala, Bilboko hiribilduak diru-kopuru handiak inbertitu eta Getxon eta Abraren inguruko beste udalerri batzuetan kanoi-bateriak eraiki eta mantendu zituen, bere portua babestuta egon zedin. Bestalde, artilleria-piezen higadura eragozteko, bake-garaietan ohiko bihurtu zen kanoiak beste biltegi batzuetan gordetzea. Elizak ere erabili ziren, Usategin legez. Bertako kanoi biak San Nikolas elizako arkupeetan gordetzen zituzten. Horregatik, 1759an bateria konpondu zutenean gunea birbataiatu zuten, San Inazio izena ipintzeko. Hamarkada batzuk geroago, 1793an, isiotu zen Konbentzio Gerra. Horren eraginez altxatu zituzten Gorlizko Azkorriagako fortea eta Getxoko Arrigunagakoa.

Morazak nabarmendu duenez, defentsa-gune gehienak kota baxuetan eraikita zeuden, hondartzak edo moilak mendean hartu eta eraso-egilearen ontziei kalte handiak eragin ahal izateko. Hein handi batean, kokapen horiek "erabil zitezkeen kanoien mugengatik" ezarrita zeuden, kalibreak oso txikiak zirelako. 1796an, O’Farril, Morla eta Samper jeneralek kritikatu egin zituzten kostaldeko kanoien kokapena, baldintzak eta kalibreak. Euren ustean ez ziren "helbururako pieza-motarik egokienak". Handik aurrera, kalibre handiagoak ipini eta forteak leku garaiagoetan kokatu zituzten, Gorlizko Azkorriagan edo Getxoko Arrigunagan bezala. Ondoren etorriko ziren Ingalaterraren aurkako gerra eta Espainiako Independentzia Gerra. Azken horretan, "itsas-armada ingelesak eta bertoko gerrillariek eragin zuten kostaldeko kanoi-baterien defentsa-sistema erabat suntsitzea, tropa frantsesak xaxatzeko aitzakiaren pean", Morazak "Itsas memoria" aldizkarian jaso duenez. "Bateria gehienak kiskalita edo desmuntatuta geratu ziren, tresnak lapurtu zituzten, eta kanoiak erabilezin utzi edo itsasora bota zituzten", gaineratu du. Gerora, hainbat forte zaharberritu zituzten, baina 1840rako denak itxi zituzten, Usategikoa izan ezik: 1931ra arte erabilgarri egon zen.

Gerra Zibila eta Frankismoa. Altxamendu faxista gertatu ondoren, lehenengo Eusko Jaurlaritzak ere kostaldeko defentsak eraikitzeari ekin zion, Burdin Hesiaren barruan. Galeako defentsek parte-hartze garrantzitsua izan zuten Matxitxakoko batailan, Canarias guda-ontziaren aurka tiro egiten eta urruntzera behartzen, Gipuzkoa boua Portugaleten babes zedin. 1937ko ekainaren 15ean, Euzko Gudarosteak atzera egitean Galeako kanoi-bateriak lehertu zituen, frankisten esku ez geratzeko. 1940an, Estatu frankistak aurrea hartu gura izan zion ingelesen edo estatubatuarren balizko eraso bati, Espainiak Alemania Sobiet Batasunaren aurka babestu ondoren. Hala, kostaldean zenbait kanoi eta bunker berritu eta ipini zituzten, presoak erabilita. Garrantzitsuenak Galeakoa eta Gorlizko Billano lurmuturrekoa izan ziren. Inoiz ez zuten tiro bat ere bota.

Defentsak

Barrikan:

  • Muriolako fortea 1726 eta 1827 bitartean erabili zen.

Getxon:

  • Arrigunagako kanoiak 1796an ipini eta 1833ra arte erabili zituzten.
  • Arriluzeko defentsak 1639an eraiki eta 1650ean itxi zituzten; 1898an berriro zabaldu zituzten, 1931ra arte.
  • Galeako gotorlekua: 1742tik 1840ra.
  • Galeako lurmuturreko defentsak 1742 eta 1809 artean jardun zuen. Gerora, 1940an, inguru horretan bunkerra zabaldu zuten.
  • Usategiko defentsak garai bitan baliatu zituzten: 1639tik 1810era eta 1898 eta 1931 bitartean.

Gorlizen:

  • Astondoko bateriak 1726 eta 1780 bitartean erabili zituzten.
  • Azkorriaga: 1795etik 1833ra.
  • Billano lurmuturrean 1940an eraiki zuten bunkerra.

Lemoizen:

  • Armintzako defentsak 1704an estreinatu eta 1836an itxi zituzten.

Plentzian:

  • Arrikuerretxoko kanoia 1643 eta 1836 bitartean erabili zuten.

Sopelan:

  • Arriatera: 1726tik 1774ra.
  • Meñakozen defentsek iraun zuten 1643 eta 1833 bitartean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun