Emakumeen aurkako eraso bako Aratusteak aldarrikatu ditu Metamorfosiak

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 2a, 22:16

Elkarretaratzean 30 bat lagunek parte hartu dute.

Gaur iluntzean aurkeztu dute Metamorfosia, neska gazteen talde feminista, 30 bat lagunen aurrean, Itzubaltzeta / Romoko Gobelondo kalean. Ekitaldi berean salatu dituzte feminizidioak eta emakumeen aurkako beste eraso batzuk, elkarretaratze baten bidez. Talde feminista berriak gogorarazi du "matxismoa Itzubaltzetan ere dagoen arazo bat" dela, eta eraso bako Aratusteak aldarrikatu ditu.

Metamorfosia ez da Itzubaltzetako emakumeek azken urteotan sortu duten egitura bakarra; orain dela 23 urtetik dihardu Gizatiar elkarteak, arlo soziokulturalean eta ahalduntzean lan egiten duena. Modu berean, uztailean zazpi urte beteko ditu Itzubaltzetako Emakumeon Asanbladak (IEA), hasieratik praktika feministan zentratu dena. Azken eragile horregaz "lankidetzan" jardungo du Metamorfosiak, baina "gazte problematikatik abiatuta". IEArena ez da gazteek izango duten elkarlan bakarra: "Uribe Kostan duela gutxi sortu den emakume gazteen mugimenduari lotzea erabaki dugu; era horretan, auzoan ematen diren zapalkuntza-egoerak borrokatzeaz gainera, eskualde osokoak ere landuko ditugu".

Gazteek adierazi dutenez, euren helburu nagusia emakumeen eta gizonen arteko parekidetasuna da, baina arlo horretan neskek "pairatzen ditugun egoerei erreparatuko diegu". Hala, hainbat adibide eman dituzte: "emakume gazteok sare sozialetan erasoak etengabe jasaten ditugu; gure diskurtsoa, gazteak izateagatik, gutxietsi egiten da; lan prekario eta sexistetan aritu behar izaten dugu, Hollister, Back, Mao eta bestelako enpresen kasuetan bezala". Izan ere, nabarmendu dutenez, "emakumeoi adin eta itxura baldintza patriarkal eta estereotipatuak eskatzen dizkiguten. Nazkatuta gaude".

Hil dituzten emakumeak gogoan

Itzubaltzetako emakume gazteek salatu dituzte azken urtean Euskal Herrian emakumezkoek pairatu dituzten eraso sexistak eta matxistak, "erasoak baretu ez direlako eta emakumeok sistematikoki pairatu behar ditugulako". Elkarretaratzea egin dute "Izan zirenei esker, gu ere bagara" goiburu pean, iaz hil zituzten andreak omentzeko. Hala, agur esan diete guztiei: Blancari, 48 urteko nafarrari; Noeliari, 32 urteko sestaoarrari; Ana Beléni, 44 urteko arabarrari; eta Elvirari, 93 urteko portugaletetarrari. Gainera, azaldu dutenez, "minez eta inpotentziaz betetzen gaituzte beste hainbat feminizidiok".

Baina hilketak ez ezik, sexu-erasoak ere gogorarazi dituzte gazte feministek. Salatutakoak "ugari" izan ziren, baina salatu barik geratu zirenak ere "hainbat eta hainbat" izan ziren.

Zoritxarrez, iazko egoerak ez du etenik izan. 2018ko lehenengo hilabetean "gure inguruan gertatutako zenbait eraso sexisten eta matxisten berri izan dugu", ohartarazi dute. Horren adibide da 13 urteko neska batek Santurtzin pairatu duena.

Horren aurrean, "gure mezua zuzena eta garbia da: ez dugu eraso sexista eta matxista gehiagorik nahi. Gure gorputzak eta desirak gureak direla esateaz nekatuta gaude, eta ez dugu uste lelokeriarik esaten gabiltzanik. Behin eta berriz gauza bera errepikatzen dugu, behin eta berriz egoera berdinak errepikatzen direlako: gu ez gara zuon nahiak asetzeko ezta zuon komentario nazkagarriak aguantatzeko objektu sexualak ere. Aski da! Ez ezetza da", gogorarazi dute.

Aratusteak

Datorren otsailaren 10ean ospatuko dira Itzubaltzetako Aratusteak. Hori gogoan izanda, "erasorik gabeko Inauteriak izateko deia" egin dute Metamorfosiako kideek, nahiz eta "erasoak egongo direla susmatzen" duten. Hala, nabarmendu dutenez, "gona motza eta eskotea eraman nahi badugu, eramango dugu, eta ez badugu eraman nahi, ez dugu eramango. Ez txistukatu, ez komentatu, ez ukitu, ez umiliatu, ez eraso egin, eta ez utzi inori horrelakorik egiten. Gure hankak, gure titiak, gure begiak, gure gerria, gure ipurdia... atal guztiak gureak dira, eta bai txistukatzeak, bai komentatzeak, bai ukitzeak, bai umiliatzeak, bai erasotzeak, bai eta hori ikustean ez erantzuteak, patriarkatuaren konplize eta aliatu bihurtzen zaituztete", salatu dutenez.

Hala, herritarrei eskatu diete "hausnarketa propioa egitea". Feministek azpimarratu dutenez, "matxismoa ez da beste eremuetan bakarrik gertatzen den arazo bat; matxismoa Itzubaltzetan ere dagoen arazo bat da, lagunartean, tabernetan, jaietan... Emakume bezala gure inguruan entzun, ikusi eta jasan behar ditugun jarrerek eta komentarioek nekatu egiten gaituzte. Horregatik, Itzubaltzetan ere ikusten diren portaera matxistak salatzera gatoz". Gauza bera egitea eskatu diete itzubaltzetar denei: "jokabide kaltegarriak ikusten badituzue, nahiz eta lagun baten partetik etorri, jakinarazi iezaiozue. Matxismoagaz akabatzea denon eskuetan dago, eta ez dugu amore emango".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun