Sopela txirrindularitza-taldea errepidean da daborduko

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 5a, 09:30

Taldeko txirrindulariak. © SWT

Sopela Women’s Team emakumezkoen txirrindularitza-taldeak denboraldiko lehenengo kirol-kontzentrazioa egin du aste-akabu honetan.

Behin betiko taldea dauka daborduko Francisco Pla zuzendariak, 12 txirrindulariakaz: Olatz Agorria, Maialen Aramendia, Esther Cañete, Bea Gómez, Ziortza Isasi, Enara López, Sara Martín, Maria Martins, Mireia Muñoz, Sofía Rodríguez, Soraia Silva eta Ariadna Trías. Maria Martins eta Soraia Silva izan dira azken fitxaketak, Portugalgo pista-txapelduna eta txapeldunordea, hurrenez hurren.

Txirrindulariek kuartel nagusia ipini dute Leioako Askartza ikastetxeko Atalaia egoitzan. Bertan antolatu dituzte berbaldiak, egin dituzte entrenamenduak eta bertatik mugitu dira Sopelaraino, udaletxean agerraldia egiteko. Ekitaldi horretan izan ziren hamabi txirrindulariak, María Sonsoles Fernández eta Miguel Echeverría, Telxius enpresa-babesleko kideak; Gontzal Hermosilla, Sopelako alkatea; eta Guillermo Vio eta Mikel Tapia zinegotziak; besteak beste.

Sopela Women Team taldeko txirrindulariei eta ordezkariei egindako harreraren irudi bat. © SWT

Movistarren aurkako lehia

Taldeak otsailaren 22an hasiko du denboraldia, Setmana Ciclista Valenciana lau etapako biran. Bertan, beste 29 talderen aurka lehiatuko dira Sopelako txirrindulariak. Arerio nagusiak izango dira Cervelo Bigla talde daniarra eta Canyon alemana (laugarren eta bosgarren, UCI sailkapenean), Ane Santestebanen Alé Cipollini taldea (bederatzigarren) eta Akitaniako FDJ eskuadra (hamargarren). Baina arreta isiotuko du bereziki Sopela Women’s Team (46.), Movistar (25.) eta Bizkaia-Durango-Euskadi-Murias (31.) taldeen arteko lehian. Lehenengo aldia izango da Sopelak aurrean izango dituena Lointeketik Movistarrera alde egindako Eider Merino, Alicia González, Gloria Rodríguez eta Alba Teruel.

Valentziako probaren ondoren, Sopelakoak Otxandion estreinatuko dira euskal errepideetan, martxoaren 3an, Euskaldun Txapelketako lehenengo proban. Ohi legez, Ugeraga txirrindularitza-klubak antolatuko ditu txapelketa horretako proba bi: Larrabasterrakoa, maiatzaren 12an, eta Sopelakoa, uztailaren 15ean. Aurten taldeak ez du Belgikako klasikak korrituko eta udarako utziko ditu nazioarteko probak. Bitartean, Euskaldun Txapelketaz gainera, Espainiako Kopan ere lehiatuko da, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun