Wikipediaren aplikazioa euskaraz dago daborduko

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 6a, 18:40

Wikipedia aplikazioa, iphone batean.

Euskarazko Wikipedia modu errazagoan erabil daiteke sakelako telefonoetan, hemendik aurrera. Izan ere, aplikazioa itzultzen amaitu berri dute Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak eta Azkue fundazioak.

Entziklopedia askearen aplikazioa Android eta iOS sistemetarako eskuragarri dago; tresna hori jaitsiz gero, euskara aukera daiteke hizkuntza bakar gisa edo beste batzuakaz batera. Gainera, gure hizkuntza lehenetsiz gero, hurrengo eguneraketan menu denak euskaraz agertuko dira.

Wikipediaren aplikazioak aukera asko ematen ditu sakelako telefonoaren bidez informazio denera heltzeko. Artikuluak hainbat hizkuntzatan bilatzeko aukera ematen du, norberak ezarritako hobespenen arabera, eta azken egunean gehien kontsultatu diren artikuluak eskaintzen ditu egunero. Gainera, egunero argazki bat proposatzen du, Commonseko komunitateak kalitate handiko irudi gisa bozkatu dutena.

Itzulpen-lan hori hirugarrena da Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak eta Azkue fundazioak ikasturte honetan egin dutena, bien arteko akordioaren ostean. Aurretik, OpenStreetMap eta Wikipediako softwarea itzuli zituzten. Erakunde biek azaldu dutenez, "itzulpen-lanakaz segituko dugu, eta datozen asteotan beste software batzuk ere euskaraz izango ditugu, denok eskuratu ahal dezagun ezagutza gure hizkuntzan".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun