Modu berean, Ander Deuna ikastolan Gorputz-hezkuntza eta Matematika irakasteari utziko dio. Berangoztarrak Malasiako Johor hiriko Johor Darul Ta'zim (JDT) futbol-taldeko atezainak trebatuko ditu. Johor Uribe Kostatik 20.000 kilometrora dago. Gaur egun, Malasiako bigarren dabil taldea; azken lau ligak irabazi ditu.
Getxo futbol-klubak azpimarratu du Martínek Faduran erakutsi duen "profesionaltasun izugarria", eta onena opa dio. Martín iazko ekainaren 29an heldu zen Getxora. Aurretik Zornotzan eta Athleticen jardun zuen.
JDTren ondo etorria
Alistair Edwards Johor Darul Ta'zim futbol-klubeko zuzendari teknikoak ondo etorria eman zion Martini joan den barikuan, otsailaren 9an. Iragarri zuenez, atezainen lantalde teknikoaren "entrenatzaile nagusia" izango da berangoztarra. Modu berean, JDTko atezain denen entrenamenduaz arduratuko da "beren beregi". Edwardsek gogorarazi du Martinek Athleticen bizitako etapa eta azpimarratu du klub horretan "talentu handiko atezain asko" sortu direla. Azkenik, bizkaitarra "bat dator JDTk dauzkan epe luzerako proiektuakaz", zuzendari teknikoaren arabera: "pozik gaude bera gure klubeko entrenatzaile-taldeko kidea izateaz".