Bueltan dator Euskadiko outlet handiena

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 22a, 17:01

BECen egingo da azoka. © STOCK EUSKADI

Bihar zortzi, martxoaren 2an, hasiko da Stock Euskadi azokaren XIV. edizioa, Bilbao Exhibition Centre-n (BEC). Barikutik domekara bitartean, 200 saltokik baino gehiagok %80 arteko deskontuak eskainiko dituzte BECen izango den azokan, hala nola moda, osagarri, oinetako, kosmetika, etxeko-hornidura, kirol-artikulu, elektronika eta aisiako lehen mailako marketan.

Azokaren hiru egunean, Stock Euskadi-k 12.500 metro koadroko azalera hartuko du Bilbao Exhibition Centreko 1. pabiloian. Ordutegi zabala izango du, 11:00etatik 21:00etara, "inork ez dezan galdu azokan erosteko aukera", antolatzaileen berbatan. Esan dutenaren arabera, "kalitatezko produktuen eskaintza komertzialik handiena da, prezio ezin hobeetan".

Stock Euskadi azokaren hamalaugarren edizio horretan azpimarragarriak dira, batez ere, standetan oso prezio egokian aurkitu ahal izango diren lehen mailako markak: Calvin Klein, Vans, Adidas, Lois, Carrera, Diesel, Carhartt, New Balance, Billabong, Quicksilver, Geographical Norway, Superdry edo Antony Morato, besteak beste. Gainera, %80 arteko deskontuak izango dira.

Nobedade gisa, Privalia taldea handiak lehenengo aldiz parte hartuko du ekimenean. Hala, stock zabala eta berria ekarriko du Privaliak, gizon, emakume eta umeentzako moda, osagarri eta oinetako marka ezagunakaz. Interneteko moda-outlet nagusiak 300 metro koadro izango ditu BECen, Stock Euskadik jasotzen duen bisitari-kopuru handia erakarrita. Privaliak 28 milioi bezero ditu eta egunero moda, kirol eta etxeko horniduretako lehen mailako markak eskaintzen ditu salneurri baxuetan. Hainbat sari irabazi du, tartean 2015eko webgunerik onenari edo 2014ko telefono mugikorretarako salmenta-webgunerik onenari. Moda-talde handi hori gehituko zaie aurretik azokan parte hartzen duten beste 150 erakusketariei. Horri esker, Stock Euskadi pasatu da Euskadiko outletik handiena izatetik, Espainiako Estatuko iparraldean ere stock-azoka garrantzitsuena izatera, superfizieagatik eta askotariko eskaintzagatik. Gainera, bere arloko erreferente bilakatu da. Izan ere, 38.000 bisitari eta 110.000 salmenta-operazio izan zituen azken ekitaldian, joan den azaroan.

Azokak eragingo dituen onurak hainbat dira, antolatzaileen arabera. Alde batetik, dendari txikien eta ertainen salmentak bultzatu gura dituzte; beste aldetik, kontsumitzaileari eskaini nahi dizkie kalitatezko produktuak prezio merkeetan. Gainera, Stock Euskadi elkartasun-azoka da. Ohikoa denez, azokako arduradunek 3.000 euro emango dizkiote pertsona behartsuen alde beharrean dabilen EGK edo elkarteren bati.

Abantaila handiko aplikazioa

Azken edizioan, joan den azaroan, Stock Euskadik estreinatu zuen aplikazio propioa, arrakasta handiz. Erabiltzaileei abantaila eta erraztasun handiak ekartzen segituko du, eta baita sari bereziak ere. Stock Euskadi aplikazio horri esker erabiltzailea berrikuntza, ekitaldi, eskaintza, erakusleen zerrenda eta albiste guztiei buruz egunean egongo da, eta Stock Euskadiko informazio guztia jaso ahal izango du. Horrez gainera, Stock Euskadi APPak, erakusleen mapa bat eskainiko du, zeintzuk diren eta non dauden, bilatzen dugun standerako bidea erraztuz. Horrek askoz ere joan-etorri arinagoa eta erosoagoa eskainiko die azokara doazen bisitari ugariei.

Bestalde, APPa jaisten duenak –doakoa eta daborduko erabilgarri Apple Storean eta Google Playn– push jakinarazpenak (berehalako alertak) jasoko ditu bere mugikorrean, aukeratzen dituen produktuen beherapen interesgarrienakaz (emakumeen moda, kirola, etxea eta etxeko tresnak…), edo interesatzen zaizkion eta aurretik aukeratu dituen alerta guztiak. Aplikazio horregaz, erabiltzailea bere telefonotik elkarrekintzan aritu ahal izango da, sare sozialak kontsultatuz eta horietan komentatuz, iradokizunen postontzian idatziz edo aplikaziora bere erosketen selfieak igoz, benetako abantaila, euren aurpegi hoberena sarean erakustea atsegin dutenentzat.

Aplikazioa jaisteak eta albisteen zerrendan harpidetzeak saria dauka: egiten dutenek, martxoaren 4ean egingo diren 200 euroko hainbat zozketatan parte hartuko dute. Stock Euskadi aplikazioak zabaldu egingo ditu Stock Euskadi azokaren komunikazio kanalak. Bere informazio webgunea dauka (www.stockeuskadi.com) eta Facebooken, Instagramen eta Twitterren ere badu presentzia. Jarraitzaileek parte hartzeko, eskaintza hoberenei buruzko informazioa jasotzeko eta sariak irabazteko aukera izango dute.

Beherapenak eta zozketak

Aste-akabuan, jendearen artean 3.000 euro banatuko dituzten bost zozketa egingo dira. Adi egoteak eta Stock Euskadiren sare sozialetan parte hartzeak abantaila asko ditu. Izan ere, sare sozialetan azokari buruzko aipamenak egiten dituztenak, asteburu osoan zehar egingo diren opari-baleen eta eskudiru-sarien zozketan sartuko baitira.

Berrehun stand baino gehiagotan kalitatezko produktuetan beherapenen eskaintza nagusia izateaz gainera, Stock Euskadi familia osorako aisia-gunea ere bada. Horretarako, lagungarria izango dira, alde batetik, 14 urtetik beherakoek doako sarrera izatea; eta bestetik, azokak umeei eta familiei zuzendutako jarduera ugari egotea. Stock Euskadik begiraleek gainbegiratutako ludoteka ere izango du, adin guztietarako jolasakaz eta jarduerakaz: puzgarriak txikienentzat eta bideo-jokoak nagusiagoentzat.

Horrez gainera, azokak gastronomia-gunea ere izango du, gastrofurgonetakaz, "food truck" izenekoakaz. Furgoneta horietan, jendeak hainbat estilotako eta jatorritako janariak dastatu ahal izango ditu. Gune hori, parke natural gisa apainduta egongo da, erlaxatzeko lekua eskainiz, erosketetan geldialdia egiteko, lasai eseri eta indarrak berreskuratzeko, azoka bisitatzen jarraitu ahal izateko.

Stock Euskadirako sarrerak euro bi baino ez du balioko, 14 urtetik gorakoentzat; umeek doan izango dute sarrera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun