Arraun ligak berrantolatzea izango du helburu Emakumeen Traineruen Elkartea sortu berriak, Tolosaldeko Atariak zabaldu duenez. Berau osatu duten arraun-klubak honako hauek dira: San Juan, Orio, Hibaika, Deustu, Kaiku, Lea-Artibai, Lapurdiko Arraun Taldea, Tolosaldea, Donostia Arraun Lagunak, Donostiarra, Hernani, Hondarribia, Colindres eta Astillero. Gizonezkoen ligetako TKE eta KAE elkarteak izan dituzte eredu, erakundea osatzerakoan.
Hala, Euskotren Liga gorenari eutsita, bigarren mailako liga bat sortzea izango da erakundearen jomuga, bi ligen artean igoerak eta jaitsierak sortu ahal izateko, besteak beste. Azaldu dutenez, orain arte bezala, Euskotren Ligako estropadak gizonezkoen TKEko egutegiari lotuta joango dira, eta balizko bigarren maila horretako hitzorduak, berriz, KAE 1. mailako egutegia segituko lukete.
Azken urteotan indarra hartzen dabil Euskotren Ligan sei traineruk parte hartu ahal izateko aukera, eta elkartearen sorreran ere berbabide izan da. Badirudi, dena den, 2018ko denboraldian ezin izango dela halako aldaketarik egin.