Ibon eta Eneko Goieaskoetxeari, Urko Labeagari eta beste lagun eta senideei besarkadarik handiena eta doluminak igorri dizkiete. Sakabanaketak presoen senide adinduei ekartzen dien zama salatu du elkarteak.
Etxeraten oharra
Lurdes Arronategi eta Pili Garcia zendu dira, haien seme presoen azken musua jaso gabe
Joan den asteartean, otsailak 20 zituela, Lurdes Arronategi hil zen. Lurdes Busturiakoa zen, 80 urte zituen eta bost seme zituen, besteak beste, euskal preso politikoak diren Ibon eta Eneko Goieaskoetxea. Ibon Arles-en preso dute, frantziar estatuan, Euskal Herritik 750 kilometrora, eta Eneko A Laman preso dute, Euskal Herritik 730 kilometrora. Biharamunean Pili Garciaren heriotzaren berri izan genuen. Pili Sopelakoa da, Urko Labeaga euskal preso politikoaren ama alegia. Urko Labeaga Villabonan dago preso, etxetik 440 kilometrotara.
Lehenik eta behin, besarkadarik handiena bidaltzearekin batera, Lurdes eta Piliren semeei gure doluminak helarazi nahi dizkiegu, batez ere etxetik urruti amaren galera azken musua emateko aukerarik izan gabe pairatzen ari diren Ibon, Eneko eta Urkori, eta baita gainerako senideei, lagunei eta gertuko jendeari ere.
Lurdes Arronategi eta Pili Garcia ez dira kasu isolatuak. Zoritxarrez, euskal presoen hainbat eta hainbat aita eta amari gertatu zaien bezala, senideen arteko loturak bizirik iraun dezan Lurdes eta Pilik espetxe batetik besterako bidean urte luzeak eman ditu. Eta Lurdesen kasuan, semeak bi espetxe ezberdinetan izatearen ondorioz sortzen den zailtasun berezia gogoan izan behar da, hilero semeekin minutu gutxi batzuk egiteko toki ezberdinetara bidaia luzeak egin behar izan dituelako.
Lurdes eta Pili emakume indartsuak ziren, oso, baina adina eta gaitzen ondorioz, eta baita hainbat urtetako ahalegin fisiko eta mentalaren higaduraren ondorioz ere, urrutiko espetxe horietara ezin zen haiek nahi zuten bezain sarritan joan eta familia bizitza egiteko funtsezko eskubidea zapuztu egin zieten.
Bestalde, Etxerat Elkartea sakabanaketaren ertzak salatzeko prestatzen ari den bideoan bere lekukotasuna eskaintzea eskertu nahi diogu Lurdes-i. Martxoan aurkeztuko den ekimen honen bidez, urruntzeak adin nagusiko senideei sorturiko eragina eta ondorioak erakutsi nahi ditugu. Lurdes-en lekukotasuna dela eta, bi semeak ikusteko bidaiatzen jarraitzeko jadanik indarrik ez zuela aipatu egin zuen.
Euskal presoen aita eta ama gehienak 70 urtetik gorakoak dira, eta bestelako senidetasuna duten beste senide batzuk ere egoera berean daude, osaba-izebak direla, aitona-amonak direla... Honez gain, gehienek urte luzetan (10, 20, 30 urte) preso dauzkaten senideak ikusteko behartutako etengabeko bidaia luze eta gogorrak egitearen zama aldean daramate eta bidaiatzen jarraitzeko ezintasuna gero eta hurbilago daukate. Adin nagusikoa izatearen mugak eta behin eta berriz bidaiatzeak sorturiko osasun higaduraren ondorioek une beldurgarri hori hurbilago dagoela adierazten diete senide hauei. Arazo hauen ondorioz, adin nagusiko senideek seme-alabak, ilobak eta bilobak ikusteko bidaiatzeari ezinbestean utzi behar diote.
Ez dago tarteko konponbiderik. Aukera bakarra euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzea baizik ez da, honela senide eta lagunekiko lotura bermatzeko eskubidea ziurtatuko baita. Auzitegi Nazionalak euskal presoek Euskal Herrira eramanak izateko egindako eskaerei 2015ean modu orokorrean ezezko erantzuna ematea erabaki zuenean, euskal presoak bisitak bazeuzkatela adierazi zuen, baina gurasoek eta bestelako zuzeneko senideek adinaren eta osasunaren ondorioz senidetasun lotura ziurtatzeko askotan bidaiarik ezin dutela egin ez zuen aintzat hartu, honetaz ez baitzuen ezertxo ere aipatu.
Bestalde, auzitegi espainiar berezi honek adierazitakoaren arabera, senideak presoak ikustera joan ezin direnean presoei senideak ikusteko baimena ematen zaiela esan zuen, baina hau guztiz gezurrezkoa da. Baimen horien ondorioz, senidea bisita arrunta egiteko gauza izatekotan, euskal presoak Euskal Herriko espetxeren batera denbora epe motza egiteko ekartzen dituzte, eta senidea mugitu ere ezin denean, euskal presoak etxera edo ospitalera ekartzen dituzte. Baimen hauek lortzeko paperak, sendagileen txostenak eta helegiteak prestatzeko eta erantzuna jasotzeko hilabete luzeak behar dira eta Euskal Herrira eramanak izateko eskaera hauei emandako erantzuna zentzugabekeria hutsa izaten da askotan.
Askotan, senidea larriki gaixorik eta hilzorian dagoela dioen sendagilearen txostena izan arren, Euskal Herrira eramanak izateko eskaerek ezezko erantzuna jaso dute. Beraz, senideei legez dagokien 40 minutuko bisita izateko bidaiarik egin ezin duen senideak horren truke etxean ordubeteko bisita egiteko urteak zain eman behar ditu, eta bisitaldi horietan etxean poliziak izaten dira eta etxeko eta familiaren intimitaterako eskubidea urratu egiten da. Eta espetxe arloko agintariek euskal presoa Euskal Herrira eramana izateko baimena ukatzen dutenean, senideak espetxeraturiko semea, alaba edo biloba ikusi eta agurtu gabe hilko da. Eta honelakoetan espetxe zigorra ez da arazoa, urruntzea baizik.
Lurdes Arronategi eta Pili Garciaren heriotzen aurrean, gure tristura adierazi nahi dugu berriz ere.
Etxeratek egindako lanean hainbat urtetan gurekin batera lanean aritu diren eta gaur egun gure artean ez daudenei gure aitortza eskaini nahi diegu. Salbuespen politika kupidagabe honek beren senideak espetxetik kanpo aske ikusteko nahia galarazi dien guzti-guztiei aitortza adierazi nahi diegu. Eta Lurdes eta Piliri eskainitako omenaldi gisa, espetxean dauzkaten gure senideak Euskal Herrira bakea eta gatazkaren konponbidearen norabidean berandu baino lehen itzul daitezen lanean jarraituko dugula adierazten dugu.
Etxean eta bizirik nahi ditugu!