Borja Celayaren Bizkerre sailkapeneko burua da, segidan 12 garaipen lortu ondoren. Hala, algortarrek 56 puntu batu dituzte eta puntu biko abantaila eroaten diote bere jarraitzaile hurbilenari, Arratiari. Gainera, Bolueko taldea 3-0 nagusitu zitzaion Tolosari joan den aste-akabuan; horrenbestez, gipuzkoarrak hirugarren postuan mantentzen dira, baina igoeragatik borrokatzeko oso urrun, 47 puntuakaz.
Bizkerren lidergoaren atzean zenbaki izugarriak daude; 18 garaipen, berdinketa bi, galera bi, aldeko 71 gol eta bakarrik 14 tanto aurka. Algortarra da partidu gehien irabazi, gutxien galdu, gol gehien sartu eta tanto gutxien jaso dituen Euskal Ligako taldea.
Leioako Emakumeak taldeak, berriz, aurreko jardunaldian galdu zuen, orain arte bizi izan duen bolada ona apurtuta; Arratiak 3-0 irabazi zien. Aurretik, Iñaki Sarria eta Ekaitz Zarragaren taldeak 13 jardunaldi segidan eman zituen, galdu barik; 11 garaipen eta berdinketa bi lortu zituzten. Hala Leioako Emakumeak 4. da sailkapenean, 45 puntuakaz, Bizkerretik 11 puntura, Arratiatik 9ra eta Tolosatik bira. Leioaztarrek 14 partidu irabazi dituzte, hiru berdindu eta bost galdu. Aldeko 40 gol dituzte, eta 21 aurka.
Uribe Kostako derbiaren joaneko partidua algortarren garaipenagaz amaitu zen, joan den urriaren 21ean, Boluen. Etxekoak 2-1 nagusitu ziren. Bizkerretik Fabiana Chacaliazak eta Leire Pardok gol bana sartu zuten, bigarren zatian. Leioaztarren tantoa Maitena Porset-ek sartu zuen, arauzko denbora pasatuta.